Apirilaren 15ean, larunbatean, Ezpeletan, Eusko Eguna besta herrikoi handia iraganen da berriz, hiru urtez falta izan ondoan. Kultura-, ekonomia-, laborantza-, alternatiba- eta elkartasun-dinamikak uztartzen dituen gertakari hau jendea elkartzeko parada ezin hobea izanen da. Gainera, aurten, Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren 10. urtebetetzea ospatuko dugu. Egun osoa urririk izanen da, denei irekia, 10:00etatik 20:00etara, jende guziei eskainitako egitarau aberatsarekin.

Gero, 20:00etatik goiti, kontzertuekin segituko dugu. Lehenik, Willis Drummond, leuskal rockaren eszenako talde saihestezinak bere zazpigarren diskoa aurkeztuko du zuzenean.
Ondotik, Mouss & Hakim anaiak igoko dira agertokira, jendeari dantzarako eta militantziarako gogoa transmititzeko. 35 urteko musika ibilbidea aurkeztuko dute biek: Zebda, Les Motivés, 100% Collègues, Origines Contrôlées eta Darons de la Garonne beren azken proiektua.
Gaualdia ederki segitzeko, le Bal du Samedi Soir musika zaleen kolektiboak binilo hoberenak aterako ditu, besta giro bero eta herrikoiaren zerbitzura.

Eta gaua bururatu arte besta egiten segitu nahiko dutenak ASJ Espelette futbol klubeko salara joanen dira. Han, DJ K-PÜX besta giroaren maisuak 05:00ak arte dantzan ariaraziko zaituzte!
Kanpalekua urririk han berean

Kontzertu-txartelak: 15 eusko/€ han berean edo 12 eusko/€ aurre salmentan