EUSKO: FUNTZIONAMENDU ARAUAK

Printzipio nagusiak

1. Euskal moneta osagarri, ekologiko eta solidarioak Eusko du izena.

2. Euskoa 2013ko urtarrilaren 31n abiatu da, Ipar Euskal Herri osora zabalduz. Hego Ipar Euskal Herrira zabal daiteke.

3. Euro bat eusko baten truke aldatzen da, gasturik gabe.

4. Euskal Moneta – Monnaie locale du Pays Basque elkarteak du Euskoa kudeatzen.

5. Euskal Monetaren kide bilakatzen den pertsona fisiko edo moral orok hemengo funtzionamendu arauak onartzen ditu.

6. Funtzionamendu arau hauek betetzen dira, bai paperezko euskoaren kasuan, bai eusko numerikoaren kasuan; salbu eusko numerikoaren kasuan, eusko numerikoaren erabiltzeko Baldintza Orokorrek kontrako neurririk finkatzen baldin badute.

7. Profesionalak pertsona moralak dira, edozein izanik ere beren estatutua: hurbileko saltegiak (ostatuak, tabernak, jatetxeak, egunkari saltegiak, janari saltegiak, ile apaindegiak, farmaziak, etab.), enpresak, ofizialeak eta lanbide liberalak (medikuak, dentistak, iturginak, jostunak, tindatzaileak, etab.), ekoizleak (laborariak, arrantzaleak, arte artisauak, etab.), elkarteak (aisialdiak, kirolak, kultura, besta batzordeak, festibalak, euskara, etab.), lurralde elkargoak eta beren konpainiak (udal igerilekua, garraioak, eskola jantegiak, etab.), etab.

8. Onespen batzordea Euskal Moneta elkarteko batzorde desberdinak ordezkatzen dituzten kide batzuez osatua da: partikularrak, profesionalak (enpresak eta elkarteak), eta partaideak. Onespen batzordeak ditu profesionalek aurkeztu onespen-eskaera dosierrak aztertzen.

9. Indarrean diren araubideei jarraikiz, Euskal Moneta elkarteko kideek soilik dute euskoa erabiltzen ahal; euroak euskotan trukatu nahi dituzten pertsonek eta euskoz ordainduak izatea onartu nahi duten profesionalek (saltzaileak, enpresak, lanbide liberalak, elkarteak, lekuko elkargoak…) Euskal Moneta elkarteko kide bilakatu behar dute.

10. Edozein pertsona partikular eta edozein pertsona moral Euskal Moneta elkarteko kide bilaka daiteke, erabiltzaile gisa. Aldiz, euskoz ordain daitekeen profesional bilakatu nahi duen pertsona moral orok egoitza soziala Euskal Herrian izan behar du, eta Euskal Monetako onespen batzordeak onartua izan behar da. Onespen Batzordeak ditu gerta daitezkeen salbuespenak trenkatuko, bozen bi hereneko gehiengoz.

11. Partikularrek ezin dituzte euskoak eurotan trukatu.

12. Profesionalek euskoak eurotan truka ditzakete, aldatu zenbatekoaren % 5eko komisio gastuak ordainduz. Adibidez, profesionalek 95 euro eskuratuko dituzte 100 euskoren truk. Euskal Monetak faktura bat eginen die merkataritza gastuengatik (BEZa ezin da aplikatu). Komisio horren helburua da profesionalak beren euskoen erabiltzera sustatzea —hemengo hornitzaileak hautatuz—, eurotan trukatu ordez. Mekanismo horrek indar gehiago ematen dio Euskoak duen eraginari: ekonomia berriz hona ekartzen laguntzen du.

13. Euskoz ordaindu zenbatekoen mugatzea:

  1. Hilabetean 500 eusko baino gutiago ordaintzen baldin badira, ezin dira euskoz ordaindu kantitateak mugatu. Hilabetean 500 eusko baino gehiago ordaintzen baldin badira, euskoz ordaindu kantitateak muga daitezke, nahi izanez geroz.
  2. Arau horiek enpresari arazo larriak eragiten baldin badizkiote, enpresak dispentsa eskaera bat aurkezten ahal dio Onespen Batzordeari (erregularki biltzen da), eskatu dispentsaren arrazoiak, moldeak eta iraupena zehaztuz.
    Dispentsa horren eskatzeko posibilitatea onespen-eskaera dosierrean aipatua da. Dispentsa eskaera onespen-eskaera dosierrarekin batean aurkezten ahalko da. Profesionala behartua da ukan duen dispentsa bere enpresan afixatzera (moldeak eta iraupena).

14. Kontuen, gizarte kotizazioen eta zerga deklarazioen alorrean, profesionalek euroak baizik ez dituzte deklaratzen, euskoa ordaintzeko tresna bat baizik ez baita, txekeak, jatetxe txekeak, opor txekeak… bezala.

15. Biltzar Nagusiak du urteko bazkide saria finkatzen.

16. Trukatzeari doakionez, Eusko numerikoak eta paperezko Euskoak arau berak betetzen dituzte.

17. Eusko kontuetan ezin da zilorik izan

18. Partikularrek beren eusko numeriko kontutik paperezko euskoak ateratzen ahal dituzte baina ezin dute beren eusko numeriko kontuan paperezko euskorik eman.

19. Profesionalek beren eusko numeriko kontutik paperezko euskoak ateratzen ahal dituzte eta beren eusko numeriko kontuan paperezko euskoak ematen ahal dituzte.

20. Eusko numeriko kontu bat irekitzen duten profesionalek eusko txartelaren bidez ordainduak izateko posibilitatea ematen dien tresna elektroniko batez hornituak dira

Erreserba funtsak

21. Indarrean diren araudiei zorrozki jarraikitzeko, bildu euroak banku kontu batean atxikitzen dira eta erreserba funtsa osatzen dute. Erreserba funts hori finantza erakunde solidario eta etiko batean ezarria da. Bermatzen du erabiltzen ari diren eusko guziak eurotan noiznahi trukatzen ahal direla.

22. Euskal Moneta elkartearen eta Herrikoa sozietatearen arteko partaidetza hitzarmen batek Eusko-Herrikoa «inbestimendu funts» baten sortzea aurreikusten du, euskoaren xedeekin bat egiten duten Euskal Herriko proiektu egituratzaile batzuen finantzatzeko.

Profesionalen onespena

23. Euskoa euskal moneta ekologiko eta solidarioa izanez, praktika ekonomikoei beste norabide bat ematen dien tresna izan behar da. Ekonomia berriz hona ekartzen laguntzen duen tresna da, beren egoitza soziala Euskal Herrian duten profesionalen artean baizik ez baita baliatzen ahal. Hemengo enplegua, enpresen arteko elkartasuna, lurraldearekin duten lotura eta garraioei lotu berotegi efektuko gasen isurketen murriztea sustatzen ditu.

24. Ekonomia berriz hona ekartzeko efektuaren indartzeko eta euskararen erabilera publikoaren sendotzeko, Euskal Monetak bere kideei —bi urtez iraunen duen beren lehen onespenaren karietara—, bi desafio altxatzea eskatzen die. Desafio bat lehen urtearen bukaerako burutu beharko da, eta bigarren desafioa bigarren urtearen bukaerako.
Lehen desafioa ekonomia berriz hona ekartzeko helburuaren alorrekoa da. Profesionalak bere jardueran gutienez hemengo hiru produktu sartu beharko ditu. Bere jarduerak ez baldin badio aitzineko baldintzaren betetzea ahalbidetzen, Eusko sareko hiru kide lanean ariarazi beharko ditu. Bere jarduerak ez baldin badio hori ere ahalbidetzen, bere enpresan hondakinen bilketa selektiboa plantan ezarri beharko du.
Bigarren desafioa euskararen erabilera publikoaren sustatzearen alorrekoa da. Profesionalak seinaletika elebiduna plantan ezarri beharko du, edo bere saltegian, edo bere produktuetan eta bere komunikazioan, enpresa produkzioan edo zerbitzuetan ari baldin bada. Profesionalak, nahi baldin badu, seinaletika alorreko desafioaren ordez, euskara klaseak hartzen ahalko ditu edo bere langileei harrarazten ahalko dizkie: 20 oren, lanbide heziketa funtsak ordaindurik, funts hortako kotizazioa ordaintzen baitu, nahitaez. Profesionalen beharrei, mailari eta libro duten denborari egokitu formakuntza-moduluak dira; xedea da profesional bakoitza gai izan dadin euskaraz gutieneko harrera egiteko, edo bere euskara maila hobe dezan. Elkarteei doakienez, euskararen alorreko desafioa hautuzkoa da.

25. Profesionalak Euskoaren Araudi Nagusia errespetatu behar du, desafioen altxatzera engaiatu eta bazkide saria ordaindu.

26. Profesionalen laguntzea: desafioen plantan ezartzeari doakionez, Euskal Monetak, beste elkarte eta egitura batzuekin partaidetzan, profesionalak lagunduko ditu hemengo hornitzaileak aurkitzen, bere hornitzaileak euskoak onartzen dituen sarean sarrarazten, langileak formatzen, bai eta seinaletika elebidunaren, euskara klaseen eta hondakinen bilketa selektiboaren alorretan aitzinatzen.

27. Egiaztatzea: lehen desafioaren plantan ezartzea urte baten buruan egiaztatuko da, profesionalarekin bilduz. Bigarren desafioaren plantan ezartzea bi urteren buruan egiaztatuko da, profesionalaren onespena berritzean.

28. Onespen Batzordeak erabakitzen ahal du, bozen bi hereneko gehiengoz, Araudi Nagusiaren irizpideen arabera baztertua litzatekeen baina zinezko balio sozial edo ekologikoa duen profesional bat integratzea.

29. Beharrezkoa da profesionalek urteko Biltzar Nagusietan parte har dezaten (Biltzar Nagusiak hiru hilabete lehenago jakinaraziak dira), bereziki Kolegioen Batzordean dagoen Profesionalen Kolegioko beren ordezkarien izendatzeko; hain zuzen, kolegio horrek Onespen Batzordearen osatzean parte hartu behar du.

30. Komunikazioa: paperezko euskarrian dauden tresna andana bat (aurkitegiak, sarearen kide dela jakinarazten duten eta saltegiaren sartzean ezartzen ahal diren pegatinak, desafioak aipatzen dituzten eta enpresan afixatzen ahal diren agiriak, etab.) eta Internetekoak (profesional bakoitzaren fitxa biltzen duen webgune berezi bat, bilaketa tresna, etab.) proposatuko zaizkie profesionalei.

Jaulkipen gehigarria

31. Kide bilakatzean, kide partikular bakoitzak sustengatu nahi duen elkarte bat izendatzen ahal du. Gisa hortan lagundu nahi duen elkartea noiznahi alda dezake.

32. Urtean behin, kide horrek trukatu dituen diruketaren % 3ren heineko emaitza bat egiten zaio elkarte horri, euskoz, Euskal Monetak ordaindurik. Kideak noizbait beste elkarte bat laguntzea erabakitzen baldin badu, emaitzaren kalkuluaren egunean (urtean behin) izendaturik dagoen elkarteak du urte osoko emaitza eskuratzen.

33. Onespen Batzordeak ditu % 3 hori eskuratzen ahal dituzten elkarteak eta beste erakundeak hautatzen (denak irabazteko xederik gabekoak). Elkarte horiek Euskal Monetaren kide bilakatu behar dute, eta beharrezkoa da euskoaren 30 erabiltzailek, gutienez, % 3 horren hartzaile gisa izenda ditzaten.
Elkarte horiek euskoz ordainduak izatea onartu behar dute baina, edozein profesionalek bezala, euskoz onartzen dituzten heina mugatzen ahal dute, berriz erabili ahal izateko gisan, euroz trukatzera (% 5eko gastuak ordainduz) behartuak izan gabe.

34. Euskoak eurotan trukatzean profesionalek ordaintzen duten % 5eko komisio horrek du jaulkipen gehigarria finantzatzen.

35. Altxortegian, euskoak eurotan trukatzean ordaindu % 5eko komisioak ekarri sartzeen eta elkarteei egin emaitzaren ordaintzearen artean, arteka bat bada; Euskal Monetaren buxetak du arteka hori bermatzen.

36. Enpresek bezala, elkarteek beren jardueran tokiko hiru produktu sartu behar dituzte (hornikuntza, materiala, zerbitzuak, edariak eta jatekoak, etab.), edo beren egoitzetan hondakinen bilketa selektiboa plantan ezarri behar dute. Haien kasuan, euskara alorreko desafioa hautuzkoa da.

37. Enpresek bezala, beharrezkoa da kide diren elkarteek urteko Biltzar Nagusietan parte har dezaten (Biltzar Nagusiak hiru hilabete lehenago jakinaraziak dira), bereziki Kolegioen Batzordean dagoen Elkarteen Kolegioko beren ordezkarien izendatzeko.

Aldaguneen antolaketa

38. Profesional batzuk hautatuak izanen dira —jendea profesional horien egoitzara joateko aisetasunaren arabera—, Eusko sareko aldagune izateko. Profesionalak alde batean izanen du bere saltzaile kutxa, bere bezeroek ordaindu euskoen hartzeko, eta beste aldean elkartearen kutxa, Euskal Monetak horniturik, trukatzekoak diren euskoen atxikitzeko. Transakzio bakoitz, aldaguneak partikularraren edo profesionalaren kide-txartela eskatu beharko du.

39. Euskal Monetak aldagune bakoitzari Fakturazio Kaier bat emanen dio (elkartearen idazpuruduna), euskoak eurotan trukatzera jin profesionalei % 5eko komisioaren heineko faktura bat emateko (elkartearen izenean). Fakturazio horri BEZa ez zaio ezartzen ahal.

40. Aldagune bakoitzak aplikazio informatiko batera sartzeko manera ukanen du eragiketa horien erregistratzeko.