Euskoa erabiltzeko 7 arrazoi
1. Tokiko ekonomiaren sustatzeko
Euroak euskotan trukatzea eta gero horiek erabiltzea sareko profesionalen ordaintzeko, eguneroko ekintza konkretu bat da ekonomia birtokiratzeko. Euskotan gastatutako diruak iraunkorki bultzatzen du tokiko ekonomia, aldiz, eurotan gastatutakoak lurraldetik ihes egin dezake.
Euskoz ordaintzen delarik profesional bat, sareko kide den tokiko hornitzaile bat pagatzeko berrerabiliko ditu. Eta horiek ber gauza eginen dute lurraldeko beste enpresa edo profesional batzuekin. Soldaten parte bat ere euskoz paga daiteke, horri esker herritarren eskuetara itzultzen zaie tokiko moneta eta tokiko saltegi eta zerbitzuetatik berriz ibiltzen ahal da. Honela, trukaketa ekonomikoen bertutezko gurpil sortzen ditu euskoak, lurraldeko enpresak eta tokiko enplegua indartzen dituztenak.
Ondorioz:
- Haien euskoak berrerabiltzeko, tokiko hornitzaile bat bederen hartu dute sareko 1400 1400 profesional baino gehiagoren % 56ek.
- Hau da tokiko 500 merkataritza-harreman baino gehiagoren sortzea, ekonomia erresilienteago eta lurraldean finkatuago baten zerbitzura.
2. Trantsizio ekologikoaren alde
Tokiko monetak, berez, tresna ekologikoak dira, zirkuitu laburretan baizik ez baitira funtzionatzen. Bakarrik Euskal Herrian ibiltzen da eusko, erran nahi du distantzia luzeko garraio gutiago eta beraz COâ‚‚ isurketa gutiago.
Tokiko moneta hartzeko, araudi sozial eta ekologiko bat errespetatu behar dute profesionalek. Laborantza herrikoia eta biologikoa, beregaineko saltokiak eta jokabide arduratsuak (hondakin eta energiaren kudeaketa, lan baldintzak) bultzatzen ditu araudi horrek. Ondorioz, bahe ekologiko bat bezala ari da euskoa: lurraldeko bertutezko eragileengana bideratzen baitu kontsumoa.
Bukaeran, euskotan aldatzen diren euroak berme-funts batean jartzen dira, La Nef eta Crédit Coopératif banku kooperatibo eta etikoetan. Proiektu ekologiko eta sozialak finantzatzeko erabiltzen da diru hori.
Ondorioz: gaur zirkulazioan diren 4,6 milioi euskoak trantsizio ekologiko eta sozialaren aldeko proiektuak sustengatzen diren 4,6 milioi euro dira ere bai.
3. Euskararen alde

Nahiz eta tokiko moneta erabiltzeko euskalduna izatea beharrezkoa ez den, euskara izan da Eusko egitasmoaren muinean sortu zenetik. Horregatik, komunikazio osoki elebidun baten gainetik, eguneroko bizitzan euskararen normalizazioaren alde azkarki engaiatzen da Eusko.
Enpresa eta elkarteetan euskarazko harrera eta afixatze elebiduna eskaintzea ezinbestekoa da, euskara eremu pribatutik kanpo eramateko eta eremu publikoan entzun nahiz ikusgarriago izateko.
Hala, sektore sozio-ekonomikoa gako garrantzitsua da euskara hizkuntza bizi eta erabilia bilaka dadin, eskolaz eta familiaz gaindi.
Horretarako sarean kidetzen den profesional bakoitzari, euskalduna izan edo ez, erronka bat betetzeko eskatzen zaio: euskararen presentzia espazio publikoan indartzea. Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, Euskoak sareko profesionalak laguntzen ditu eta afitxaketa elebiduna ezartzeko behar diren itzulpenak dohainik egiten dizkie.
Ondorioz:
- 500 profesionalek baino gehiagok itzuli dute afitxaketa osoa edo zati bat.
- Sareko profesionalen aurkitegiak saltegi euskaldunak errexki aurkitzeko aukera ematen du, « Euskara » filtroari esker.
- Erakusleihoetan jarritako « Hemen, euskoz ordaindu » pegatinek profesionalaren hizkuntza-praktika maila adierazten dute: « Euskaraz »-ek dudari gabe euskaraz hitz egin dezakezula erran nahi du, eta « Lehen hitza euskaraz »-ek solasaldia euskaraz abiatzera gomitatzen zaitu.
4. Nire elkartea diruz laguntzeko
Euskoa elkartasunezko moneta bat da, eta Euskoren % 3ko emaitza mekanismoak konkretuki erakusten du hori. Printzipioa sinple eta bertutezkoa da: kide bakoitzak nahi duen elkarte bat babes dezake, sareko 300 baino gehiagoren artean. 30 sustengu bederen biltzen dituelarik elkarte batek, bere babesleek euskotan aldatutako euroen % 3ren pareko emaitza bat jasotzen du urte oroz.
Erabiltzaileari ezer kostatzen ez zaion emaitza bat da, bainan elkarteei baliabide baliotsu eta iraunkor bat bihurtzen zaie. Adibidez: hilabetero 70 € euskotan aldatzen baldin badituzte 40 sustenguk, urtero 1.000 eusko jasoko ditu babestutako elkarteak.
Gainera, Euskoak nahi duten egiturak laguntzen ditu % 3ko emaitzaren lortzearen errazteko eta haren potentziala iraupenean garatzeko.
Ondorioz:
- 470 000 eusko baino gehiago banatu zaizkie 70 elkarte baino gehiagori.
- Eusko-taldeek 60 elkarteei zuzeneko laguntza eman diete.
5. Laborantza herrikoiaren alde
Euskoak laborantza herrikoiaren baloreak erabat partekatzen ditu: giza neurriko laborantza-eredu bat, izadia, ekoizleak eta kontsumitzaileak errespetatzen dituena. Horregatik, sarearen araudiak laborantza intentsiboko edo lurzorutik kanpoko mota guztiak baztertzen ditu. Laborantza herrikoiaren egiazko desmartxa baten arabera ari diren etxaldeak baizik ez dira onartzen sarean.
Gaur egun, 130 laborari, ekoizle eta AMAP baino gehiago daude Eusko-sarean, ekoizleen saltegi, eskulangile, ostalari edo erakunde publikoez gainera.
Ondorioz:
- Eusko-sarearen kideak laborantza herrikoiko ekoizleengana berez bideratzen dira merkatuetan, ekoizle-saltegietan edo AMP-en bidez.
- Dirua birbanatzeko bere mekanismoari esker, Euskoren % 3ko emaitza, 6000 eusko baino gehiago utero birbanatzen dira laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde lan egiten duten egituren artean: IDOKI, Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG), Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB), Inter-AMAP Pays Basque, Lurzaindia.
6. Hurbileko merkataritza atxikitzeko
Hurbileko merkataritza laguntzeko tresna konkretu bat da Euskoa. Bere sarearen barnean kontsumitzera bultzatzean, tokiko monetak lurraldeko profesional autonomoetara bideratzen ditu erosketa-ohiturak.
Sarerako sarbideak zaintzen ditu Euskal Monetaren Onespen Batzordeak, eta banaketa handia baztertzen duen araudi bat aplikatzen du, saltegi guti dituzten herri edo auzoetako salbuespenetako berezi bat izan ezik, horien tokiko bizitzarako funtsezko eginkizun bat jokatzen ahal baitute supermerkatu ttipiek.
Ondorioz:
- Erabiltzaileen % 81ek diote euskoa onartzen duten saltokietara joaten direla lehentasunez, eta % 83k haien ingurukoei gomendatzen dietela. Saltegi ttipiei zuzenean baliatzen zaie dinamika hori, eta haien ikusgarritasuna indartzen du marka handiko supermerkatuen aitzinean.
- Eusko-sareak profesionalen arteko salerosketak bultzatzen ditu: haien % 80k sareko beste saltegi bat jadanik gomendatu baitute. Elkartasun ekonomiko horrek tokiko ekonomia erresilienteago bat indartzen du, hurbiltasunean, lankidetzan eta egunerokoan errotutako erosketetan oinarritua.
7. Finantza alorreko espekulazioaren ttipitzeko
Euskoarekin, finantza-espekulazioaren aurka eta finantza etikoago baten alde konkretuki ari zira. Zure euroak euskotan aldatzean, bermea duzu diru hori ez dela espekulaziorako erabiliko, ezta paradisu fiskaletan inbertituko ere. Finantza-zirkuitu klasikoetatik ateratzen da, lurraldeko egiazko ekonomian berriz sarrarazteko.
Interes tasarik gabeko moneta bat da euskoa, bere zirkulazioa sustatzen duena bere metaketa ordez.
Euskotan aldatutako euro guztiak berme-funts batean gordetzen dira, banku kooperatiboetan jarria dena eta ez espekulatiboetan (La Nef eta Crédit Coopératif).
Ondorioz:
Gaur egun zirkulazioan dauden 4,6 milioi euskoak dira:
– Lurraldeko ekonomian eusko moduan dabiltzan 4,6 milioi euro
– eta espekulazio-zirkuituetatik kenduak diren 4,6 milioi euro, finantza etiko bat diruztatzen dutenak.






