Euskoak onartzen dituzten udal konpainiak Euskoaren aurkitegietan zerrendatuak dira, baina ez dute urtesari gehigarririk ordaintzen. Onespen-eskaera dosierra betetzen dute, beren buruaren presentatzeko eta beren aktibitatearen ezagutarazteko; dosier horrek ingurumenaren eta euskararen aldeko desafio sinple batzuk ere biltzen ditu.

Udal konpainietan paperezko euskoen bidez ordaintzea:

  1. Herriko zerbitzuek hemengo hitzarmena helarazten diote Diruzaintza Publikoari, horrek ontzat eman dezan.
  2. Udal konpainietan euskoak onartzeko baimena ukan eta, udal konpainiako langileek eusko bidezko ordainketak onartzen ahalko dituzte, Euskal Monetak eskaini formakuntza segitu ondotik.
  3. Hori baino lehen, Udal konpainiaren araubidea egokitzen da, euskozko sartzeen antolatzeko baldintzak (hemen idatziak) sartzeko, eta udal konpainiaren kutxa-hondoa 50 euroz emendatzeko.
  4. Kutxa-hondo gehigarri horri esker, udal konpainiak 50 eusko gehiago trukatzen dizkio Euskal Monetari, xehea itzultzeko aski eusko ukaiteko gisan.
  5. Euskotan ordaindua delarik, udal konpainiako langileak ez du xehea eurotan itzultzen. Adibidez 1,20€-ren ordaintzeko, erabiltzaileak ematen baldin baditu:
  • Eusko bat eta 20 euro-zentimo: ez da xehea itzultzerik.
  • 5 eusko eta 20 euro-zentimo: langileak 4 eusko itzultzen ditu.
  • Eusko bat eta euro bat: langileak 80 euro-zentimo itzultzen ditu.
  • 5 eusko eta euro bat: langileak 4 eusko eta 80 euro-zentimo itzultzen ditu.
  1. Udal konpainiaren kutxa irarlean euskoz pagatzeko manera berri bat programatzen da. Kontabilitatean, biramendutzat hartua izanen da.
  2. Egunaren bukaeran, hastapeneko 50 euskoko kutxa-hondoaz gain kutxan dauden euskoak udal konpainiaren kutxa nagusian ezartzen dira, Euskal Monetak eman gutun-azal batean. Gutun-azal horren gainean, egunean sartu diru kopurua idazten da. Gutun-azal hortan dauden billete-kupoiak geroko balio bat bezala hartuak dira: izan ere, Euskal Monetak gutun-azalean dauden euskoen balioko euro-biramendu bat eginen du. Udal konpainiaren kutxaren kontrol baten kasuan, eusko horiek euroak balira bezala kontatuko dira: Diruzaintza Publikoan oraindik sartuak izan ez diren sartze gisa, udal konpainiaren eguneroko kontabilitatean biramendu gisa erregistratuak.
  3. Hilabete hondarrean, kudeatzaileak udal konpainiaren eguneroko kontabilitatean erregistratu biramenduak kontsolidatzen ditu; euskoz egin ordainketa bakoitzaren kasuan:
  • Kutxa nagusiko Eusko gutun-azala zigilatzen du eta, haren gainean, barnean dagoen zenbateko osoa idazten du.
  • E-mail bidez, Euskal Monetari eskatzen dio eusko horiek trukatzea, zenbateko osoa adieraziz.
  • Euskal Monetak, 48 oreneko epean, eusko horiek trukatzen ditu, gasturik gabe, udal konpainiaren DFT kontuan biramendu bat eginez.
  • Euskal Monetak egin biramenduaren oharrean, Udal konpainiaren izena eta dagokion hilabetea idatziak dira.
  • Gutun-azala edo biramendua udal konpainiaren DFT kontuan sartu den momentutik, zigilatu gutun-azalean dauden euskoak ez dira gehiago udal konpainiarenak, Euskal Monetarenak baizik. Euskal Monetak hitzordu bat hartuko du horien berreskuratzeko.
  1. Gero, kudeatzaileak Euskal Monetaren biramendua bere sartzeetan idazten du, iragan hilabetean euskoz sartu ordainketa bakoitzarentzat udal konpainiaren kontuetan idatzi biramenduen kontsolidazio gisa (ikus 6. puntua).

Udal konpainietan eusko numerikoen bidez ordaintzea:

  1. Kudeatzaileak, udal konpainiaren izenean, eusko-kontu bat irekitzen du, kitorik;
  2. Udal konpainiaren leihatilak Eusko ordainketa-tresna elektronikoz hornituak dira —Euskal Monetak prestaturik—. Tresna elektroniko horien bidez, ordainketa segurua egiten ahal da, erabiltzaileak ordainketa oroz sartu behar duen 4 zifrako PIN kode bati esker. Ordainketak posible dira soilik erabiltzailea Euskal Monetako kide baldin bada eta haren kontuan aski diru baldin bada. Euskal Monetaren informazio sistemak hori egiaztatzen du ordainketa bakoitza baino lehen.
  3. Udal konpainiako langilea euskokartaren bidez ordaindua delarik, euskoak berehala joaten dira erabiltzailearen eusko-kontutik udal konpainiaren eusko-kontura.
  4. Udal konpainiaren kutxa irarlean euskokartaz pagatzeko manera berri bat programatzen da.
  5. Leihatilan egiten ez diren ordainketen kasuan, erabiltzaileek udal konpainiari ordaintzen ahal diote, beren eusko-kontutik, udal konpainiaren eusko-konturako biramendu sinple bat eginez.
  6. Hilabete hondarrean, kudeatzaileak udal konpainiaren eusko-kontutik Euskal Monetaren eusko-konturako biramendu bat egiten du. Orduan, Euskal Monetak isuri euskoak eurotan ordaintzen ditu, gasturik gabe, bi lan eguneko gehienezko epean, udal konpainiaren DFT kontuan biramendu bat eginez. Euskal Monetak egin biramenduaren oharrean, Udal konpainiaren izena eta dagokion hilabetea idatziak dira.

Orduan, kudeatzaileak udal konpainiaren eguneroko kontabilitatean erregistratu euskokart bidezko biramenduak kontsolidatzen ditu.