Sokoako Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CSE) elkartasunezko ezohiko ekintza bat plantan emanen du: tokiko ekonomia eta langileen erosahalmena sustatzeko, 20 000 eusko banatuak izanen dira langile batzuei. Desmartxa hau posible izan da Euskoari esker, Euskal Herriko tokiko moneta.

2025az geroztik bere jardueraren beheraka handi bati aurre egin behar izan dio Sokoak, eta “Epe Luzerako lan denbora partziala” (APLD-R) garai batzuk ezagutu ditu. Horrek soldata galtzeak ekarri dizkie langile batzuei.

Egoera honen aitzinean, Sokoako Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CSE), salbuespen gisa, kaltetutako langileei zuzendutako laguntza bat plantan eman nahi izan du. Baina laguntza hori sari arrunt baten gisan eman ordez, tokiko monetaren hautua egin du Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CSE): ekimen honen bidez, 20 000 eusko – hau da 20 000 euroko erosahalmena – ezarriko dira zirkulazioan.

Eskaeren konfidentzialtasuna bermatzeko, Gizarte eta Ekonomia Batzordeak (CSE) ISCIPAko gizarte laguntzaileari laguntza galdetu dio; eskaera bakoitza kasuz kasu aztertuko du. Laguntza, 160 euskora hel daiteke langile bakoitzeko. “Elkartasunezko txartel” hauek elikagaien sei saltegi partaidetan bakarrik erabili ahal izanen dira: Hendaian, Urruñan, Ziburun eta Senperen. *

« Laguntza zehatz bat langileentzat eta lurraldearendako »

Sokoako Gizarte eta Ekonomia Batzordearen ustez, Euskoaren hautuak dimentsio gehiago ematen dio laguntza honi.

« Diru-sarrera galdu duten langileei sustengu zehatza ekarri nahi genien, eta, aldi berean, tokiko ekonomia eta hurbileko saltegiak biziarazi. Eusko txartel solidarioekin, bi helburu hauek elkartzen ahal ditugu. »

Euskoa, elkartasuna zirkularazteko tresna

Euskal Monetarako, operazio honen interesa lehen erosketaren ondotik gertatzen den horretan ere bada.

« Ekintza honek oso zehatz erakusten du tokiko moneta erosahalmenaren eta tokiko ekonomiaren zerbitzuko tresna bat izaten ahal dela. Langileei banaturiko euskoak saltegi partaidetan gastatuko dira, eta gero lurraldean zirkulatzen segituko dute, Eusko sareko milaka profesional eta partikularren artean. »

« Ekintza polita tokiko saltegi eta ekoizleentzat »

Ekintza honetan parte hartzen duten saltegien artean bada Au Marché de Magalie, Urruñako fruitu eta barazki saltegia. Magalieren iduriko, interesa da, halaber, eskuratutako euskoak berriro erabiltzen ahal izatea berarekin lan egiten dutuen tokiko ekoizleekin.

« Pozten naiz operazio eder honetan parte hartzeaz. Berreskuratuko ditudan euskoak lan egiten dudan ekoizleen artean erabiliko ditut. Adibidez Bastidarra, Fromagerie des Bergers de Saint-Michel edota Loreztia. Manera zehatz bat da dirua zirkularazteko eta tokiko ekonomia baliarazteko. »

 

* Pâtisserie de l’Europe, Hendaia
Lo Vi, Hendaia
Chez Paulette, Urruña
Au marché de Magalie, Urruña
Etxe Goxoan, Ziburu
Euskal Vrak, Senpere