Irailaren 12an, larunbatarekin, Euskal Monetako kideak Ez ohiko Biltzar Nagusira deituak ziren Hiriburuko La Perle gelan.

Biltzar Nagusi hau ekainaren 20an Saran egin zen Ohiko Biltzar Nagusian aho batez onartu zen mozioaren ondorioz antolatu zen. Bertan ziren kideek barne eztabaida-prozesu berezi bat abiatzea erabaki zuten, Gure Monetak Baztanen eta Oarsoaldean bere tokiko moneta abiarazteko Eusko izena erabiltzeko egin eskaerari buruz.

Duela hiru urtetik, Euskal Monetak proiektu horren prestaketa-lanetan parte hartzen du. Proiektua Euskoren esperientzian oinarritzen da, epe luzera mugaz gaindiko lankidetza indartzeko ikuspegiarekin.

Kideen parte-hartze handia

Biltzar Nagusi Berezia prestatzeko prozesuan, hiru tokiko bilkura egin ziren udan, Iparraldeko probintzia bakoitzean. Horiei esker, interesa zuten kideek proiektuaren erronkei buruzko informazioa eskuratu eta elkarrekin eztabaidatu ahal izan zuten.

238 lagun bertaratu edo ordezkatu zirelarik, elkartearen historian inoiz izan den parte-hartzerik handiena bildu zuen ezohiko Biltzar Nagusi.

Solasaldietan, Iparraldearen eta Hegoaldearen artean epe luzera mugaz gaindiko dinamika monetario bat garatzeko borondate partekatua agertu zen. Hala ere, hainbat gai argitzeko ziren oraindik hurbilketa horren baldintzei eta egutegiari dagokienez: lege-esparrua, moneten elkarreragingarritasuna, gobernantza, lankidetza-moldea, balio partekatuak praktikan gauzatzea eta Hegoaldean jendarte-oinarri sendo bat eratzea.

Bozketaren emaitzak

Bi mozio aurkeztu zitzaizkien kideei bozkatzeko.

A mozioak Gure Moneta laguntzen segitzea proposatzen zuen, Eusko izena berehala erabiltzeko baimenik eman gabe, gutxienez hiru urteko esperimentazio-fase batekin eta berezko izen baten pean.

B mozioak Eusko izena Hegoaldean berehala erabiltzeko baimena ematea proposatzen zuen, Euskal Monetaren eta Gure Monetaren arteko lankidetzari loturiko zenbait baldintzarekin.

238 bozkatzaileetatik:

  • 205ek A mozioaren alde bozkatu zuten, hau da, bozen % 86,1ek
  • 28k B mozioaren alde bozkatu zuten, hau da, bozen % 11,8k
  • 5ek zuri bozkatu zuten, hau da, bozen % 2,1ek

Horrenbestez, Biltzar Nagusiak Gure Moneta laguntzen segitzea erabaki du, oraingoz Hegoaldean Eusko izena erabiltzeko baimenik eman gabe.

Etapa berri bat Gure Monetarentzat

Bozketa honek ez du zalantzan jartzen Euskal Monetak Hegoaldeko tokiko moneta bateratu baten sorrerari ematen dion sostengua, ezta epe luzera mugaz gaindiko tokiko moneta bat sortzeko ikuspegia ere. Metodo bat finkatzen du: esperimentaziorako eta proiektua sendotzeko behar den denbora hartzea, hurbilketa iraunkor baterako baldintzak urratsez urrats zehazteko.

Gure Moneta bere garapenaren fase konkretuan sartuko da orain. Biltzar eratzailea irailaren 26an, larunbatez, eginen da. Bertan, besteak beste, monetaren izena hautatuko dute. Moneta 2026ko azaroan zirkulazioan ezartzea aurreikusia da Baztanen eta Oarsoaldean.

Bestalde, Euskal Monetako gidaritza batzordeak Gure Monetarekin elkarrizketan segitzeko eta etorkizunean egin litekeen hurbilketa baten baldintzak zehaztuko dituen bide-orri bat lantzeko mandatua du.

Euskal Monetak eskerrak eman nahi dizkie tokiko bilkuretan, eztabaidetan eta bozketan parte hartu duten kide guziei. Prozesuak giro lasaian segituko du, adierazitako ikuspegi eta sentiberatasunak errespetatuz eta mugaz gaindiko moneta bat sortzeko baldintzak urratsez urrats eraikitzeko borondatearekin.