Krisi ekologiko, sozial eta ekonomikoen aitzinean, laborantza herrikoia jada ez da alternatiba bat; inoiz baino beharrezkoagoa da! Etxalde ttipiak mantendu, bizia errespetatu, tokiko enplegua sortu eta lurra akitu gabe elikatuko gaituen laborantza ezinbestekoa da.

Baina eredu hori zutik egon dadin, ekonomia koherente batean oinarritu behar du: tokikoa, solidarioa eta iraunkorra. Hori da, hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko tokiko monetak proposatzen duena. Lurraldeko eragileen artean soilik zirkulatuz, Euskoak ekonomia birkokatzen du eta Ipar Euskal Herria biziarazten dutenen arteko harremanak indartzen ditu.

Gaur egun, 4.500 partikularrek eta 1.400 profesionalek –laborariek, ofizialeek, merkatariek, elkarteek eta erakunde publikoek– egunero erabiltzen dute, giza mailako ekonomia eraikitzeko.

Zirkuitu laburren aldeko moneta

Lurraldeko eragileen artean soilik ibil daitekeelako, tokiko monetak ekoizleak eta kontsumitzaileak elkarri hurbiltzen ditu, zirkuitu laburrak eta zuzeneko trukeak bultzatuz: zuzeneko salmenta etxaldean, merkatuak, AMAP, ekoizleen dendak, laborarien janari saltegiak eta abar. Tokiko monetan egiten den pagamendu bakoitzak balioa lurraldean atxikitzen du eta etxaldeak, eraldatzaileak eta tokiko saltegiak babesten ditu, aberastasunak ekoizpen industrial handietara ihes egiten utzi ordez.

Euskoak eskuratzen dituzten jatetxe eta saltegiak ere hemen hornitzera bultzatzen ditu, moneta berrerabili ahal izateko. Horrela, gastatzen den eusko bakoitza eskuz esku dabil sare solidario baten barnean, egunez egun Ipar Euskal Herriko ekonomia- eta laborantza-egitura indartuz.

Laborantza herrikoiaren zerbitzuko moneta

Euskoa bat dator laborantza herrikoiaren balioekin: bizidunekiko errespetua, lurraldean erroztatzea eta autonomia. Hortaz, Eusko sarearen araudiak laborantza intentsiboko edo lurzorutik kanpoko jarduera oro baztertzen du; laborantza herrikoiaren desmartxaren arabera ari diren etxaldeak baizik ez dira onartzen sarean. Tokiko moneta erabiltzea, beraz, giza mailakoa den eta natura eta pertsonak errespetatzen dituen laborantza-eredu baten alde egitea da.

Gaur egun, 130 laborari, ekoizle eta AMAP baino gehiago daude Eusko sarean, ekoizleen saltegi, ofiziale, ostalari edo erakunde publikoez gainera. Sarea tokiko ekonomia koherentea ehuntzen ari da, lurretik hasi eta azietaraino.

Moneta solidarioa, Euskoren % 3ko emaitzaren bidez

Euskoa ez da soilik tresna ekonomiko bat: moneta solidarioa ere bada, dirua birbanatzeko bere jatorrizko mekanismoari esker: Euskoren % 3ko emaitza. Printzipioa sinplea da: Euskal Monetako kide bakoitzak elkarte bat babestu dezake. Eta elkarte batek gutienez 30 babesle izan orduko, bere babesleek eusko bilakatu euroen % 3ren pareko emaitza eskuratzen du, urte oroz. Erabiltzaileari ez dio deus gosta, baina elkarteentzat diru iturri baliosa da.

2025ean, hala, 6.000 eusko baino gehiago birbanatu dira laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde lan egiten duten egituren artean:

  • IDOKI, laborariak eta etxalde ttipiak mantentzeko etxaldeko araudia – 833 eusko
  • Biharko Lurraren Elkartea (BLE), laborantza ekologiko, autonomo eta solidario baten alde – 649 eusko
  • Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG), laborantza herriko eta iraunkorraren garapenaren alde – 831 eusko
  • Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB), Ipar Euskal Herriko laborarien defentsarako sindikatua – 186 eusko
  • Inter-AMAP Pays Basque, zirkuitu laburrak sustatzeko – 863 eusko
  • Lurzaindia, laborantzako lurrak zaindu eta transmititzeko – 674 eusko

Elkarren osagarri diren eragileak dira, elkarrekin laborantza herrikoi, bizi eta iraunkorra defendatzen eta sustatzen dutenak.

Lurraman ikusiko dugu elkar

2025eko azaroaren 7tik 9ra, Miarritzeko Irati erakustazokan, Lurramaren 20. edizioa iraganen da. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) antolatzen du Euskal Herriko laborantza herrikoiaren azoka, urte guziez. Baina, azoka soil bat baino anitzez gehiago da Lurrama: biharko laborantza ereduaren erakusleiho bizia da. Hala, hiru egunez, han elkartzen dira ekoizleak, herritarrak, haurrak, elkarteak eta erakundeak, tokiko laborantza solidarioa, iraunkorra eta natura, animaliak eta gizakiak errespetatuko dituena ospatzeko.

Beraz, toki ezin hobea da tokiko moneta ibilarazteko: zure euskoak erabiltzen ahalko dituzu sartzeak, txartelak, tixertak, tote-bag zakuak edo laborarien merkatuko erosketak pagatzeko. Euskal Monetako langileak han izanen gara, zuk dirua trukatu ahal izateko, tokiko moneta ezagutu ahal izateko, eta zergatik ez, Euskal Monetaren kide egiteko ere, EHLG babestuz Euskoaren “% 3ko emaitza” eskura dezan!

Euskoa hautatuz, konkretuki sostengatzen dituzu Ipar Euskal Herriko laborariak eta laborantza herrikoiaren balioak: bizidunekiko errespetua, elkartasuna, ekonomiaren birkokatzea, etxaldeen transmisioa eta autonomia.