2025eko azaroaren 7tik 9ra, Miarritzeko Irati erakustazokan, Lurramaren 20. edizioa iraganen da. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) antolatzen du Euskal Herriko laborantza herrikoiaren azoka, urte guziez. Baina, azoka soil bat baino anitzez gehiago da Lurrama: biharko laborantza ereduaren erakusleiho bizia da. Hala, hiru egunez, han elkartzen dira ekoizleak, herritarrak, haurrak, elkarteak eta erakundeak, tokiko laborantza solidarioa, iraunkorra eta natura, animaliak eta gizakiak errespetatuko dituena ospatzeko.
Etorkizunari begiratzen dion urteburuko edizioa: Bihar ere laborari
20 urte bete ditu Lurramak, eta, aurten, etorkizuneko laborantza eraikiko dutenak nabarmendu nahi ditu: laborari gazteak, familia-esparrutik kanpo plantatzen diren pertsonak, biziz aldatzea erabakitzen dutenak, bertan eta molde iraunkorrean ekoizteko. “Bihar ere laborari” lelopean, lurraren eskuratzearen, formakuntzaren, transmisioaren eta laborarien ongizatearen erronkak aipatuko dira azokan, hitzaldi, topaketa eta eztabaiden bidez.
Aurten, lurralde gonbidatua Euskal Herri osoa da, hots, Bidasoaren bi aldeetako zazpi probintziak. Parada ezin hobea da euskal laborarien aniztasuna eta aberastasuna, haien osagarritasunak eta Iparraldearen eta Hegoaldearen artean indartu beharreko harremanak argitan ezartzeko.

Euskoa Lurraman ere, nola ez!
Lurramak eta Euskal Monetak xede bera dute: tokiko ekonomia ekologikoa eta solidarioa biziaraztea. EHLG azokaren antolatzailea ere tokiko monetaren kide da. Hala, Lurraman euskoa erabiltzen ahalko da (sartze, txartel, tixerta, tote bag zaku, laborarien merkatu eta abarretarako).
Euskal Monetako langileak han izanen gara, zuek dirua trukatu ahal izateko, tokiko moneta ezagutu ahal izateko, eta zergatik ez, Euskal Monetaren kide egiteko ere, EHLG babestuz Euskoaren “% 3ko emaitza” eskura dezan!

Zertako etorri?
Lurramak zentzua duelako. Azoka horretan parte hartzea laborari anitz, baserri biziak, kalitatezko tokiko produktuak eta laborantza eredu erresiliente bat sostengatzea da. Bazkarien, kontzertuen eta haur zein helduentzako animazioen inguruan memento atsegin batzuk partekatzeko parada ere bada.
Izan zaitez laguntzaile!

Lurrama ezin litzateke antolatu ehunka laguntzailerik gabe! Zentzua eta etorkizuna duen gertakari batean parte hartu nahi baduzu, izan zaitez laguntzaile ordu batzuetarako edo asteburu osorako. Giro goxoa aurkituko duzu, topaketa inspiratzaileak eginen dituzu eta proiektu kolektibo batean parte hartzeaz harro izan zara!