2013ko urtarrilaren 31n, lehen euskoak trukatu ziren. Lehen urteetan, Euskal Herriaren irudiekin egindako billeteak trukatu ziren, eta, geroago, eusko digitala plantan ezarri zen, lineako kontua eta ordainketa-aplikazioarekin. Gaur egun, Ipar Euskal Herriko tokiko moneta Europako tokiko monetarik handiena da, 3,5 milioi eusko baino gehiago baitabiltza eskutik eskura, eta 1.300 profesionalek eta 4.000 partikularrek erabiltzen baitute.

Hamarnaka boluntarioren laguntzari esker, proiektuan osoki parte hartzen duen soldatapeko langile taldearen engaiamenduari esker, baina batez ere erabiltzaileen mobilizazioari esker gertatu da etengabeko handitze hori. Izan ere, haiek guziek egunero erakusten dute balore-ekarlea, solidarioa eta bere lurralderako onuragarria den beste moneta mota bat erabil daitekeela.

Eusko erabiltzea tokiko eragile ekonomikoak sostengatzea da, eta hori baino anitzez gehiago ere. Nork bere moneta hautatzea biharko lurraldea pentsatzeko boterea berreskuratzea da, trukeak birkokatzeko, zirkuitu laburrak garatzeko, trantsizio ekologikoa zalutzeko, tokiko enplegua eta hurbileko saltegiak sostengatzeko, gizarte-lotura indartzeko, euskara sustatzeko eta elkarte-bizia finantzatzeko.

Bost data inportante

Beraz, hamar urte pasa dira lehen transakziotik. Tokiko monetaren proiektua lehenik elkarteen lokal xume batean sortu zen, ondotik hainbat urrats egin zituen aitzina, zenbait borroka administratibo irabazi zituen eta Ipar Euskal Herriko biztanleek mobilizazio-kanpaina handietan emandako laguntza handiaz baliatu zen.
Hamar urte horietako bilan hau parada ezin hobea da Euskoaren historia markatu duten bost data garrantzitsu aipatzeko:

2013ko urtarrilaren 31: Abiatzearen prestaketa

2011ko ekainean egin zen lehen bilkuratik 2013ko urtarrilean euskoa abian ezarri zen arte, proiektu honetan parte hartu zuten hamarnaka boluntariok gogoeta, ikerketa eta azterketa lan handia egin zuten. Orduan, haietako bostek Bavariako negu hotzari buru egin zioten, Europako tokiko monetarik handienaren lurraldera bidaiatuz: Chiemgauer. % 3ko elkartasun-sistemaren ideia handik ekarri zuten, adibidez. Ikerketa-fase hura sozializazio-fase handi batekin osatu zen, hots, herritarren eta tokiko dinamiken eta egituren kontsultarekin. Halaber, Eusko izena kanpaina parte-hartzaile handi baten ondotik hautatu zen.

2013ko urtarrilaren 31n egin ziren lehen ordainketak euskoz. Boluntario taldearen eginahalei esker, tokiko monetaren sareak ordukotz jadanik bazituen 100 profesional baino gehiago eta ehunka partikular. Laster, hilabete gutiren buruan, euskoa Frantziako Estatuko tokiko monetarik handiena bilakatu zen. Gaitzeko arrakasta horren ondorioz, bi urterako inprimatutako 126.500 euskoak hiru hilabeteren buruko banatu ziren, eta presaka beste 350.000 eusko inprimatu behar izan ziren.

2014ko abuztuaren 28a: Lehen hitzarmena Euskararen Erakunde Publikoarekin

Ekonomiaren birkokatzea bezala, euskararen sustatzea Euskoaren oinarrizko balioetarik bat da ere. Hala, tokiko monetaren sarean sartzen den profesional bakoitzari “afixaketa elebiduna” egitearen desafioa altxatzea eskatzen zaio. 2014tik, urte guziez berritu da EEPekin sinatutako hitzarmena, eta partaidetza hura pixkanaka aberastu da, tokiko moneta laguntzeko euskara eremu publikoan aurkezteko ahaleginean.

2017ko martxoaren 19a: eusko digitala eta lehen Eusko Eguna

Urte batzuk behar izan ziren euskoa formatu digitalean erabiltzeko. Arauen araberakotasuna batetik, bideragarritasun teknikoa bestetik, garapen-fase hark energia eta trebetasun anitz behar izan zituen. 2015ean hasi zen lan hura bi urte geroago bururatu zen, 2017an, lehen Eusko Egunean. Mobilizazio-kanpaina handi batek sustatu zuen eusko digitalaren hedapena, eta bereziki finantzaketa parte hartzailerako deialdi batek –30.000 € baino gehiago bildu ziren–. Horri esker, lineako 500 kontu baino gehiago ireki zituzten partikularrek.

2018ko ekainaren 2a: erreferentziazko hitzarmena elkargoek tokiko moneta erabili ahal izateko

Tokiko elkargoak proiektuaren partaide izateko asmoa zuen hasieratik Euskal Monetak, euskoaren zirkulazioan izan zezaketen zereginagatik. Euskoarekin bat egin zuten lehenak Hendaia, Uztaritze, Lekorne eta gero Baionako Herriko Etxeak izan ziren, 2016an. Baina, azken honek aho batez onartu zuelarik tokiko moneta erabiltzea bere gastuetarako (hautetsien ordainsariak, dirulaguntzak eta abar), Pirinio Atlantikoetako prefetura saiatu zen erabaki hura ezeztatzen. Hainbat hilabeteko borroka juridikoaren ondotik, azkenean prefeturak erabaki zuen ordainketa horiek onartzea. Halako lehen erabakia izan zen Frantziako Estatuan. Gero, beste elkargo batzuek (Lyon, Nantes, Grand Angoûleme, etab.) berrerabiliko zuten hitzarmen-eredua izan zen.

2018ko urriaren 7a: Milioi bat!

Asteburu hartan, Alternatiba alternatiben besta handia iragan zen bigarren aldiz Baionan. Aitzineko hilabeteetako erabiltzaileen mobilizazioari esker, eta moneta ofiziala euskoa zen gertakari hartara etorri ziren milaka pertsonei esker, zirkulazioan zeuden milioi bat euskoren maila sinbolikoa gainditu zen. Memento arras inportantea eta ezohikoa izan zen Europako tokiko moneta batentzat, eta, ondorioz, euskoa Europako tokiko monetarik handiena bilakatu zen!

Euskoa gaur egun

Milaka lagunen inplikazioari esker bilakatu da euskoa gaur egun dena: balio sendoak transmititzen dituen elkartasun-sare bat, tokiko ekonomiarendako proiektu egituratzaile bat, eragin onuragarri oso zehatzak dituen ekintza-tresna bat euskararen alde, trukeak birkokatu eta Ipar Euskal Herriko elkarte- eta ekonomia-eragileak laguntzen dituen moneta.
Beraz, hamar urte horien bilana arras baikorra da, eta dinamika horretan hurbiletik edo urrundik parte hartu duten indar eragileak harro egon daitezke egindako bideaz.

Hona hemen euskoaren gaur egungo egoera azaltzeko zenbait datu:

  • 3.500.000 eusko baino gehiago zirkulazioan (3.780.000 eusko, urtarrilaren 31ko azken zenbaketan)

  • 1.300 profesional: enpresak, independenteak, elkarteak, konpainia publikoak

  • 36 Herriko Etxe elkarte kide, gehi Euskal Hirigune Elkargoa

  • 4.000 erabiltzaile partikular; haietarik 3.000k eusko kontu bat ireki dute

  • 200.000 eusko trukaturik, hilabete guziez, partikularren eusko kontuetan

  • 250.000 eusko emanak 70 elkarteri

  • Beste 40 tokiko moneta baino gehiago formaturik, Tokiko Moneten Institutuaren bidez

  • Monetaren instantzia eta jardueretan 50 boluntario aktibo baino gehiago, gehi 10 soldatapeko langile

  • Afixaketa elebiduna duten sareko 350 profesional

  • Ipar Euskal Herrian sortutako ehunka harreman komertzial berri: profesionalen %56k, gutienez, hornitzaile berri bat hartu dute beren euskoak berrerabili ahal izateko

Biharko desafioak

Urteetan zehar desafio berriak sortu dira. Lehentasunezko lau ardatz zehaztu eta plantan ezari dira, ondoko urteetan euskoa garatzen segitzeko.

Partikularren sarea garatzea

Tokiko monetaren erabiltzaileek euroak eusko bilakatzen dituzte hilabete guziez, eta tokiko ekonomian sartzen dituzte; hala, bertutezko zirkulazio ibilbideak abiatzen dira. Ondoko urteetan, horiek izanen dira erronka erabakigarriak: partikularren kopurua garatzea eta partikular haiek euskoa gehiago erabilera. Horretarako, Euskal Moneta elkartearen tokian tokiko presentzia indartuko da, Eusko Eguna urteroko bestaren berriz antolatuz edo beste elkarteen gertakarietan, merkatuetan eta abarretan jendea kausituz. Gainera, tresna berriak prestatzen ari gara tokiko monetaren eguneroko erabilera are gehiago errazteko. Helburua da jendearen ohiturak pixkanaka aldatzea eta haiek gero eta profesional gehiagorengana joatea.

Profesionalen arteko zirkulazioa arintzea

Partikularrak euskoa zirkulazioan jartzen lehenak badira ere, profesionalei esker segitzen du gero tokiko monetak eskutik eskura ibiltzen. Zirkulatzen duen bitartean, euskoa “esku onetan” dago, eta lurraldea aberasten laguntzen du, Ipar Euskal Herritik laster aterako den euro batek ez bezala. Zirkuitu laburreko trukeak indartzeko, ahalegin handiagoa eginen da euskoak berriz erabiltzeko aukera berriak eskaintzeko, eta, horrela, ez dira profesional batzuen diru kutxetan metatuko. Jokoan dagoena da tokiko monetaren zirkulazioa arintzea eta lurraldearen ekonomia molde eraginkorrean trinkotuko duen sarea eraikitzea..

Egitura sendotzea eta proiektuaren aldeko segurtasun neurriak hartzea

2021ean, elkartearen autofinantzaketaren partea % 76koa zen. Horregatik, euskoaren eredu ekonomikoa ez dago dirulaguntzen menpe, eta gero eta gehiago oinarritzen da kide sarietan eta bere baliabide propioetan.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren egungo handitasunaren ondorioz, euskoak lege- eta administrazio-baldintza berriak bete behar ditu (kontu mandatari bat izendatzea, Eskualdeko Kontu Ganberaren kontu-ikuskatzea, Frantziako Bankuaren Zuhurtzia- eta Ebazpen-Ikuskapen Agintaritzaren arauen araberakotasuna, etab.). Euskoak eredugarria eta aitzindaria izan nahi du gai horretan, Frantziako Estatuko gainerateko monetentzat bidea markatzen baitu ere.

Elkargoen euskoaren erabilera desblokeatzea

Tokiko moneta saldoan erabiliz beren lurraldeko ekonomia laguntzen ahal lukete elkargoek. Baina, arau eta lege hertsagarriegiek horren egiteko bidea trabatzen diete. Eta hori zentzugabekeria da, denak ohartuak baikara ekonomia birkokatzeko beharraz. Eta are gehiago, gauza jakina da tokiko monetan egindako ordainketa batek eurotan egindako ordainketa batek baino gutienez % 25 diru-sartze gehiago sortzen duela lurralderako.
Hori dela-eta, Euskoa, Hexagonoko tokiko moneten federazioa den SOL Mugimenduarekin batera, parlamentariek legea aldatzeko proposamenak egiteko lanean ari da, azkenean, elkargoek tokiko monetak erabil ahal izan ditzaten hainbesteko trabarik gabe.

Eusko Eguna: apirilaren 15ean, larunbatean, Ezpeletan

Hamar urte betetzea ontsa ospatu behar da! Urtebetetze hau Europako tokiko monetarik handiena bilakatu den euskoa garatzeko interesa izan duten edo lagundu duten pertsona guziak elkarretaratzeko parada ezin hobea da.
2023ko Eusko Egunaren hitzordua finkatua da: apirilaren 15ean, larunbatean, Ezpeletan. Eta bai, aurten, Eusko Eguna berriz antolatuko da! Topaketak egin eta elkar ezagutzeko memento garrantzitsua da gertakari hau, eta kultura, ekonomia, laborantza, alternatibak eta elkartasuna uztartzen ditu.

Aurten gertakariaren garrantzia maila aldatuko da, Eusko Eguna Ipar Euskal Herriko gertakari soziokultural garrantzitsuenen artean kokatzeko. Baionako Bestetako azken afixa lehiaketaren irabazlea eta tokiko monetaren erabiltzailea den Amets Azcuek egin du diseinu grafikoa. Egun eta gau osoan milaka parte-hartzaile espero dira, jende anitz erakarriko duen programazio aberatsari esker:

  • Hitzaldiak
  • Ekoizleen eta sortzaileen merkatua
  • Laborarien bazkaria eta sukaldeburuen pintxoa
  • Haurrendako animazio anitz: puzgarriak, txotxongiloen ikuskizuna, ibilaldiak asto bizkarrez, etab.
  • Euskarazko lehen irakaspen ludikoak, Mintzalasairekin
  • Musika animazioak: txaranga, batukada, Herrian Kantuz
  • Dantza ikuskizuna, Oinak Arinekin
  • Herri jokoak, Gaiarekin
  • Gaueko kontzertuak: Mouss et Hakim (Zebda), Willis Drummond eta Le Bal du Samedi Soir

Sartzea urririk izanen da egun osoan. Gaueko kontzertuak pagatuz izanen dira: 12 eusko aurre-salmentan, edo 15 eusko han berean.
Lineako txarteldegiari eta beste saltegiei buruzko xehetasunak hemen: txarteldegia.euskalmoneta.org


Hamar urteko ibilbidean, euskoak erakutsi du moneta soil bat baino anitzez gehiago dela. Zinezko balore-ekarlea den tresna bat da, eta tokiko elkartasunerako eta biharko lurraldea pentsatzeko boterea berreskuratzeko baliabidea ere.

Azken hamar urteotan bide luzea egin da, oztopoz josia, baina lorpen handiekin. Giza eta talde abentura zoragarria izan da, euskoa garatzeko urrats anitz egiteko ahala eman duena, boluntarioen, soldatapeko langileen, partaideen eta, bistan da, egunero tokiko moneta eskutik eskura ibilarazten duten milaka pertsonaren –partikular zein profesionalen– hutsik gabeko parte hartzeari esker.

Apirilaren 15ean, larunbatean, denok Eusko Egunera,
euskoaren 10. urtebetetzea elkarrekin ospatzeko!