Aurten, lehen aldiz, mugaz gaindiko unibertsitate saioak (UNUM) antolatuko dira Bidasoaren bi aldeetan: « Mugaz-gaindiko Uda Ikastaroak ». Karia horretara, uztailaren 20ko eguna “Eusko-Barter” ikerketa programari buruzkoa izanen da. Bihar Tokiko Moneten Institutuak plantan ezarri duen programa da “Eusko-Barter”, eta Euskal Herri osoan barter sistema baten bideragarritasuna aztertzeari buruzkoa da.

Barter bat enpresen arteko kreditu-sistema mutualizatu bat da, lurralde bateko enpresei aukera ematen diena beren arteko trukeak egiteko, diruzaintzako eurorik hunkitu gabe. Horretarako, sareko moneta osagarri bat erabiltzen dute, barterra, euroaren parekoa dena (1 barter = 1 euro), baina ezin dena eurotan eman, tokiko moneta osagarriak ez bezala, hala nola Eusko, La Gonette, La Roue eta abar. Europako bi barter adibide ezagun aipa daitezke; bata, Wir, Suitzan, 1934an sortua, 1929ko krisiaren ondotik, eta gaur egun 50.000 ETE baino gehiago biltzen dituena; bestea, Sardex, Sardinian, 2010ean sortua 2008ko finantza-krisiari erantzuteko, eta garapen handia izan duena.

“Eusko-Barter” ikerketa proiektuak Euskoaren proiektuan aldaketa handiak eragin ditzake, hau da, epe luzera, Euskoari barter-sistema txertatzea eta Euskoa Hego Euskal Herrira hedatzea.

Proiektu hau Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko Eskualdeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalbiltzak finantzatzen dute. Hemen elkartearekin elkarlanean garatzen da. Eta diziplinarteko lantalde batek gidatzen du: Xabi Larralde ekonomiako doktoreak, Yannick Lung ekonomialari eta Bordeleko Unibertsitateko irakasle emerituak, Fabienne Pinos Baionako UPPAko Kudeaketa Zientzietako konferentzia irakasleak, Oier Onaindia Mondragon Unibertsitateko kudeaketako irakasle ikertzaileak, Massimo Amato ekonomialari eta Italiako Bocconiko Unibertsitateko irakasleak, Carlos Vilches Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologoak eta Itziar Villafañez eta Irati Basoredo Euskal Herriko Unibertsitateko legelariek.

Uztailaren 20ko eguna Baionako Arteen Hirian iraganen da, bi urratsetan. Goizean (09:00-12:00), ikerketa taldeak ikerketaren hainbat alderdi aurkeztuko ditu: tokiko moneten ereduak, barterren aurkezpena, alderdi ekonomikoak, juridikoak… Arratsaldean (14:00-16:30), mugaz gaindiko harreman ekonomikoei buruzko mahai-ingurua antolatuko da, eta horretan parte hartuko dute MIGeko, Hego Euskal Herriko garapen agentzietako, Akitania Berria eskualdeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun batzuek.

Ikusi programaren xehetasunak