Baionako militanteen leku historiko ezaguna da Patxoki. Euskori giltzak emanen dizkio gaualdi baterako, maiatzaren 25ean, asteazkenean; besta egun baten bezperan, zer ongi!

Aurten ere ez dugu Eusko Eguna, tokiko monetaren besta herrikoi tradizionala, antolatu ahal izan. Baina, esperantza galdu gabe, beste bide batzuk bilatzeko aukera eman digu, lotura soziala josi eta elkarbizitza indartzeko (beste gisaz erranik: besta egiteko!).
Züzülün Quiz Gauaren bigarren edizio arrakastatsua eta Korrika Kulturala gertakariak antolatu ondoan, tokiko monetaren indar eragileak itzuliko dira, oraingoan Patxokira!

Lehenik, Zortzi taldeko kide diren Xanti eta Bixentek folk gitarrekin giroa berotuko dute, euskal rockaren klasiko handiak joz. Ondotik, gaualdiak ederki segitzeko, Clam y Dia DJek kantu hautatzaile bikainak direla erakutsiko digute, eta ipurdiak mugitzera behartuko gaituzte!

Hitzordua beraz maiatzaren 25ean, asteazkenean, 19:00etatik goiti, ongi ezagutzen duzuen Baionako Upelgile karrikako Patxokin.
Sartzea urririk!