Euskok beste kanpaina parte hartzaile bat jartzen du abian, tokiko monetaren erabilera errazteko. Ipar Euskal Herriko biztanleei (kideak izan ala ez) galdetzen die zein leku –saltegi eta profesional– berritan erabili nahi duten euskoa.

Euskal Herriko tokiko moneta egunez egun handitzen ari da. Hiru milioi eusko inguru dabiltza eskuz esku, eta gaur egun 4.000 partikular eta 1.300 profesional, erabiltzaile daude, ekologia- eta elkartasun-balio sendoen bidez lotuak. Euskoarekin, erabiltzen den moneta hauta daiteke; itxuraz anekdotikoa den aukera horrek biharko lurraldea moldatzen du: trukeak birkokatzea, zirkuitu laburren garatzea, trantsizio ekologikoa zalutzea, tokiko enpleguari eta hurbileko saltokiei laguntzea, gizarte lotura indartzea, euskara sustatzea, elkarteak finantzatzea, etab.

Tokiko moneta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta handiagoak dira lurraldearentzat dituen eragin positiboak.

Euskoaren zirkulazioa sustatzeko, beharrezkoa da saltegi, lanbide liberal, hornitzaile, elkarte eta abar anitzetan onartua izatea. Horrela, tokiko moneta denen eskuetan ibiltzen ahalko da, eta haren erabilpena eguneroko keinu bilakatuko da.

Eguneroko kontsumoetarako, ohiz kanpoko erosketetarako, zerbitzuetarako, kontsultetarako, elkarteen kotizazioetarako edo ekitaldietarako, denek gogoan ditugu tokiko monetaren sarean sartzen ikusi nahi genituzkeen profesional batzuk, Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten aldeko gure dinamikaren parte izan daitezen.

Horregatik, gaur zuengana –euskoa Europako lehen moneta bilakatu duzuenengana– jotzen dugu, galdera sinple batekin:

Gaur egun sarean dauden 1.300 profesionalez gain, zein lekutan gustatuko litzaizueke Eusko erabiltzea?

Okindegia, farmazia, ile-apaintzailea, optikaria, liburu denda, garajea, janari saltegia, medikua, elkartea, jatetxea, etab.: osatu zerrenda inprimakian, behereko botoia klik eginez! Gero, profesional horiek ikustera joaten ahalko gara, eta orduan erraten ahalko diegu haien bezeroetarik 5, 10, 20 edo 30ek tokiko monetan ordaindu nahi luketela; horrek Euskoren kide egitera bultzatu behar lituzke!

Milesker Euskorekin bide eginik, Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten alde!