Mugerreko herriak Eusko kide bilakatzea erabaki du. Euskal Herriko tokiko moneta eta haren garapena sostengatzen duten tokiko elkargoekin bat egin du, tokiko ekonomiaren, trantsizio ekologikoaren eta euskararen alde.
Joan den ekainaren bukaeran, Mugerreko Herriko Kontseiluak aho batez bozkatu zuen Euskoren kide bilakatzea. Kide berri honekin, sareak 41 herri biltzen ditu orain, Euskal Hirigune Elkargoarekin batera.
Erabaki horren gibelean dagoen borondatea honela azaldu du Fabienne Hirigoyen auzapezak:
« Agintaldi hastapen honetan, Euskal Moneta elkartearekin harremanetan jarri ginen Eusko kide egiteko. Urrats naturala izan da, hauteskunde-kanpainako engaiamendu bat baitzen. Hurbileko saltegiei eta tokiko laborantza-sareari sostengua emateko borondateak, eta ekonomiaren birkokapenean eta trantsizio ekologikoan urrunago joateko xedeak, kidetza hau logiko bihurtu dute. Eusko duela hamar urte baino gehiago sortu zen eta tokiko eragile ezaguna da. Motibaturik gara gainerako 40 herriekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin abentura honetan bat egiteko. »
Sostengu berri bat Euskorentzat Mugerren
Herria bere lurraldean jadanik hedatua den sare bateko kide bilakatu da. Saltegiak, enpresak, elkarteak, herritarrak: bakoitzak euskoak zirkularazten eta hurbileko trukeak biderkatzen laguntzen du. Herriaren kidetzak indar gehiago ematen dio dinamika horri, eta hura gehiago ezagutarazteko aukera eskaintzen du.
Lionel Pachon, kulturako eta elkarte-bizitzako auzapezordea : « Erabaki hau denen artean hartu dugu. Niri dagokidanez, nire hautetsi-sariaren zati bat euskoz eskuratzeko urratsak abiatu ditut. Eusko-sareko kide bilakatzeak elkarte-sareari ere onurak ekartzen ahal dizkio, bereziki Euskoren « % 3ko emaitza » diru iturriari esker, elkarteek urtero euskoak eskuratzen ahal dituelako. »
Mugerren eta inguruetan euskoa onartzen duten profesionalak ezagutzeko, ikus sareko aurkitegia. Hurbileko truke-bulegoek ere argibideak eskuratzeko eta tokiko moneta erabiltzen hasteko aukera ematen dute.
Herriek badute beren tokia dinamika honetan
Herritarrengandik, elkarteengandik eta eragile ekonomikoengandik hurbil direnez, herriek Eusko ezagutarazten eta haren erabilera sustatzen lagun dezakete. Haien engaiamenduak indartu egiten du tokiko moneta egunerokoan biziarazten duten herritarren eta profesionalen lana.
Mugerrerekin, tokiko elkargoen sarea handitu da. Beste herri batzuk ere sar daitezke, Euskal Monetarekin beren lurraldeari eta lehentasunei egokitutako desmartxa eraikiz.
👉 Euskal Monetako taldea prest da kidetzari buruz mintzatu nahi duten hautetsiekin harremanetan sartzeko: info@euskalmoneta.org – 05 33 47 54 11.
Argazki : Patxi Beltzaiz.