Apirilaren 12an, larunbatean, 3.000 pertsona baino gehiago ibili ziren Ezpeletan, Eusko Egunean, Ipar Euskal Herriko tokiko monetaren aldeko urteroko besta handian. Ezpeletako herrian hirugarren urtez segidan antolatu zen gertakaria, eta egun hark trantsizioen aldeko hurbileko ekonomia solidario baten dinamismoa irudikatu zuen berriz ere.
Tokiko ekonomia solidario baten zerbitzuko den besta herrikoia
Aktibitate anitzek erritmoa eman zioten egunari: laborarien eta artisauen merkatuak, elkarteen herrixkak, jauntzi husteak, eta ezinbestekoa den laborarien gosari-bazkariak. Azken horren bertsio begetarianoak gero eta arrakasta handiagoa du. Eusko sareko profesionalei esker, bertako produktuak baziren denetan, bistan da!
Merkatu estaliko pasabideetan 1.000 bisitari baino gehiago ibili ziren, 100 erakusketari ezagutzeko, kultur animazioetan parte hartzeko eta lurraldeko eragileekin mintzatzeko.
Gauean, 2.000 pertsona bildu ziren Xiberoots, Gatibu eta DJ Üzkülüzen kontzertuan, besta giro goxo eta atseginean.
Egun arrakastatsu hori antolatu ahal izan zen 200 laguntzaileren parte-hartzeari esker.






Zentzua duen gertakaria
Eusko Eguna, besta giroaz eta animazioez haratago, jendarte eredu baten adierazpena da batez ere. Izan ere, tokiko ekonomia, elkartasuna, ekologia eta kultura garapen-hautuen erdigunean jarriko dituen eredua sustatzen du. Tokiko ekoizleak, elkarteak, elkargoak eta herritarrak, hots, proiektu honetako osagai guziak, Ezpeletan bilduak ziren, ordainbide hutsa baino askoz gehiago den moneta batekiko haien atxikimendua erakusteko.
Gaur egun, 4.200 partikularrez eta 1.400 profesionalez osatutako sarean 4,5 milioi eusko inguru ibiltzen dira eskutik eskura. Urtez urte, euskoa finkatzen ari da tokiko alternatiben arteko zinezko lotura gisa.
Engaiatzen ari diren elkargoak
Goizeko hitzaldiak balio izan zuen elkargoek tokiko monetak erabiltzeak duen eragina argitan ezartzeko. Krisi ekologiko eta sozialeko testuinguruan, gero eta udalerri gehiago ari dira tokiko monetan oinarritzen, zirkuitu laburrak indartu eta elkarte dinamikak laguntzeko.
Hauteskunde garrantzitsuak antolatuko dira lurraldean ondoko urteetan. Euskal Monetak dei egiten die Ipar Euskal Herriko elkargoei trantsizioaren eta lurraldearen zerbitzuko den tresna hori bereganatu dezaten.