Eguzkia nagusi, joan den larunbatean, apirilaren 13an, Ezpeletan, Eusko Eguna, tokiko monetaren aldeko urteroko besta handian. Publiko zabala bildu zen, proposatutako animazio desberdinetan parte hartzeko. Orotarat 1700 bat pertsona hurbildu ziren. Halako jendeketak erakusten du, batetik, tokiko moneta arrakastatsua dela, eta, bestetik, tokiko ekonomia solidariorako eta lurraldearen alternatibetarako suhartasun gero eta handiagoa dagoela. Urte batzuetako pausaren ondotik, iaz, 2023an antolatu zen berriz, euskoaren 10. urtebetetzearen kari. Eta, dirudienez, Eusko Eguna urteko besten egitarauaren eta lurraldeko hitzordu saihestezinen parte bilakatu da.

Euskoak eskutik eskura ibili ziren egun osoan, zirkuitu laburreko ekonomia sustatuz, batez ere laborarien eta artisauen merkatuan: kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko harreman zuzena indartzeko manera bikaina da hori, eta tokiko monetaren proiektuaren balio nagusietarik bat. Tokiko ekoizpen anitz baziren ere ostatuko edarietan eta janarietan. Aipamen berezia laborarien bazkariari, iaz bezala, aurten ere, gaitzeko arrakasta bildu baitu baita bertsio vegetarioak ere bai!

Euskoa: hazkunde-ondoko gizarterako trantsizio-tresna hitzaldia antolatu zen Timothée Parrique ekonomialari, Elise Dillet militante eta Maitena Curutchet Elkargoko kontseilari ordezkariarekin. Gela mukuru bete zen, eta horrek baieztatu du jendeak gai horiekiko interes handia duela. Hitz hartzeek agerian utzi zuten tokiko monetek funtsezko eginkizuna dutela trantsizio ekologikoan, tokiko aktibitate ekonomikoak sustatzeko tresna gisa, mugarik gabeko eta baitezpadako hazkundea jada jasangarria ez den mundu honetan.

Aldi berean, pilotalekuan, ikusle kurios eta adituek bizitasun handiko esku huskako pilota partidez gozatu ahal izan zuten. Tokiko klubetako zenbait gazteren arteko partiden ondotik, Oinatz Bengoetxea txapeldun ohia eta Alexis Inchauspé Xingar Feriako txapelketako finalista elkarren kontra lehiatu ziren, binakako partidan. Pixka bat berantago, pilota plazan betiere, Gaiak ahala eman zien helduei taldean lehiatzeko, eta haurrei herri kirolak ezagutuz jostatzeko!

Eskola oporren lehen asteburu horretan, haurrendako egitarau aberatsa apailatu zen. Haurrek ongi pasatzeko parada izan zuten, partikularki hazi-bonbak eginez edo Euskal Herriko kabalak eta landareak ezagutuz. Irri egin edo harritu ahal izan ziren, Pontx pailazoaren ikuskizunari edo Hegalaldiak artatu harrapari baten laxatzeari esker. Azkenik, kermezako jokoetan jendea trumilka ari izan zen, eta trebeenak tokiko monetaren sareko profesionalek eskuzabaltasunez eskainitako opari anitzekin joan ziren.

Euskarak eta euskal kulturak ere beren lekua bazuten Eusko Egunean, Lous Bidaous konpainiaren ikuskizunari eta egun horretan giro alai eta beroa segurtatu zuten animazio musikalei esker –Txitxirioak txaranga, Ttipli Ttapla batukada, Herrian Kantuz, Patxi eta Konpania edo Kontrabanda, eguna ezin hobeki bururatzeko–.

200 laguntzaileren engaiamenduari eta lanari esker, Eusko Egunaren aurtengo edizioa beste behin ere arrakastatsua izan zen, eta, hala, belaunaldi desberdinetako jendeek giro goxoan elkar gurutzatu eta trukatu ahal izan zuten. Eguzki eder bati esker, gertakariak lehen lerroan ezarri du Euskoa, tokiko monetaren isla zen programa aberats eta askotarikoari esker. Tokiko ingurumen-, kultura-, hizkuntza- eta elkartasun-ekimenak nabarmendu zituen. Heldu den urteko hitzordua finkatua da jadaneko, 2025eko Eusko Egunaren ediziorako. Orduan ere euskoaren familia handia bilduko da, zentzuz eta balioz beteriko gertakari alai baten karietara.