Apirilaren 15ean, larunbatean, Ezpeletan, tokiko monetaren besta herrikoi handia iragan zen: Eusko Eguna. Hiru urtez falta izan ondoan, azkenean, Eusko Eguna berriz antolatu ahal izan genuen. Gainera, aurten, euskoaren 10. urtebetetzea ospatzen ari gara! Horregatik, egun berezi hau besta herrikoi handi bilakarazi nahi izan genuen, egitarau aberatsarekin. Horrela, bada, egunean zehar eta gauean ere, 1.500 pertsonak parte hartu zuten Eusko Egunean. Orain, Eusko Eguna urteroko besten egitarauaren eta lurraldeko hitzordu saihestezinen parte da!

Eguna 10:00etan hasi zen, lehen mintzaldiarekin: Euskoak, 10 urte: zer eragin eta emaitza?. Mathilde Fois-Duclerc, Julien Milanesi eta Oriane Lafuente-Sampietro ekonomialariek aurkeztu zituzten tokiko monetari eta horrek lurraldean dituen eragin baikorrei buruzko haien ikerlanak. Zehazki, euskoak lurraldeko beste dinamika alternatiboekin dituen harreman hertsiak ezagutu ahal izan genituen. Gainera, kalkuluak berme, jakin ahal izan genuen moneta horrek tokiko balioa euroa baino hobeki ibilarazten duela; eta horixe egin zitekeen, hain zuzen ere, asteburuko gertakarian!
Goiz osoan, euskoaren kide diren sortzaile eta ekoizleek beren produktuak aurkeztu eta saldu ahal izan zituzten. Parada ezin hobea zen, tokiko monetaren bidez, kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko harreman zuzena indartzeko. Goizeko bigarren mintzaldiko –Amazon Vs. hurbileko merkataritza– hizlariek erran bezala, abantaila anitzeko talde-dinamika sustatzen du horrek, tokiko enplegua suntsitzen duten globalizazioak eta lineako merkataritzak ez bezala.

Intelektualki ontsa ase ondoan, jendea merkatu estalian eta inguruan jarri ahal izan zen, bazkaltzeko. Bazkari goxo hura apailatu zen laborarien sasoiko produktuekin eta tokiko monetaren sareko ekoizleen elikagaiekin.

Egunaren erdialdean, bi hitz hartze izan ziren, euskoaren 10. urteburua ospatzeko. Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean-René Etchegarayk oroitarazi zuen lurralde-proiektu honen aldeko tokiko elkargoen babesa eta engaiamendua. Mendi Estebanek, Euskal Monetako gidaritza batzordeko kideak, eta Xebax Christyk, Euskal Monetako lehendakariak, gogorarazi zuten 10 urte horietan egindako ibilbide luzea. Arrakasta handia izan du euskoak, laguntzaile, soldatapeko langile, erabiltzaile profesional edo partikular eta erakundeetako partaide anitzi esker.
Gaur egun, 4 milioi eusko baino gehiago dabiltza eskutik eskura. Ipar Euskal Herriko tokiko moneta, Europako tokiko monetarik handiena bilakatu dena, geroari buruz itzulia da, deliberatuki. Erronkak eta ahalmenak handiak dira. Eta ez da proiekturik, ideia berririk eta desafio berririk eskas! Horrela, hamarkada berri hau ezin hobeki hasteko, euskoaren itxura laster aldatuko da. Izan ere, etorkizuneko billeteen itxura zehaztuko duen prozesu parte hartzaile baten ondotik, billete berriak sartuko dira zirkulazioan, billete berri horiek segi dezaten tokiko monetaren lurralde-balioak transmititzen.

 

🎬 Milesker Julien Fernandori bideoa egiteagatik

 

Euskarak eta euskal kulturak ere beren tokia izan zuten besta egunean: Oinak Arin dantza taldearen Eta Orain, zer? ikuskizun zoragarria, txotxongiloen ikuskizuna (gela mukuru bete zuena!), Gaia elkarteak animatu herri jokoak… Haurrak eta helduak zinez loriatu ziren!

Arratsalde apalean, gazteenak, irriñoa ezpainetan, etxera joan ziren
Gero, gaueko kontzertuak hasi ziren. Ezpeletako merkatu estalian, hiru musika taldek berotu zuten giroa. Willis Drummondek jo zuen lehenik, euskal rockaren eszenako talde saihestezinak. Iparraldean azken kontzertua eman eta lau hilabetera, taldeak berriz ere jendearen bihotza irabazi zuen. Ondotik, Mouss & Hakim anaiak igo ziren agertokira, haien bestarako eta militantziarako gogoa transmititzeko. Euskal Herriarekin duten harreman hertsia oroitarazi zuten, eta kontzertu bikaina eman zuten, 35 urteko musika ibilbidean –Zebda, Les Motivés, 100% Collègues eta abar– sortutako kantu arrakastatsuenak joz. Azkenik, Le Bal du Samedi Soir-ek, musikaren zale sutsuek osatu kolektiboak, bere binilorik onenak atera zituen, jende artean giro bero eta herrikoia hedatzeko.

Bere itzulerarako, Eusko Egunak helburu guziak bete zituen. Egun emankorra izan zen. Jendea anitz elkarretaratu zen, eta, beraz, belaunaldi desberdinetako pertsonak ere bildu ziren.
Euskoaren 10. urtebetetzerako ospakizunak antolatzen segituko dugu, lurralde osoan, urte bukaera arte.

Tokiko monetaren erabiltzaileen engaiamenduari esker, baina baita gertakari hori antolatzen lagundu zuten laguntzaileei esker ere, 2024ko udaberriko hitzordua finkatua da! Eusko Egunaren beste edizio bat iraganen da heldu den urtean, euskoaren familia handia berriz bilduko duena, zentzu eta balio ekarle den urteroko besta egun herrikoi eta atsegin honen karietara.