Aurtengo udan, Euskoren kide egin diren 30 Herriko Etxeren langa gainditu zen, eta, gaur egun, Ipar Euskal Herriko 158 Herriko Etxeetatik* 33 dira Euskal Herriko tokiko monetaren kide.

Kidetza horiek Euskoren sinesgarritasuna indartzen dute herritarren eta egitura ekonomikoaren ikuspegitik, baina nabarmendu behar da, oroz gainetik, elkargoek tokiko moneta zinez erabiltzea dela Euskoren eragin ekologiko, solidario eta ekonomikoak areagotzeko giltzarrietarik bat.
Adibidez, fakturak edo dirulaguntzak euskoz ordaintzen dituen Herriko Etxe batek zuzeneko eragina du bere lurraldeko ekonomiaren eta enpleguaren indartzean; izan ere, euskoz gastatzen den euro bakoitza, lurraldean egoten den euro bat da. Hala, tokiko monetan egindako ordainketa batek eurotan egindako ordainketa batek baino 1,25 (gutienez) edo 1,55 (gehienez) aldiz diru sartze gehiago sortzen ditu lurralderako!

 

2020ko herriko bozen oldarra

Bizi! elkarteak Ipar Euskal Herriaren Metamorfosi Ekologikoaren Itunean herriko bozetako hautagaiei proposatu zazpi engaiamenduetarik bat Euskoren kide egitea zen. Hala, 2020ko ekainean hautatu ziren 29 auzapezek engaiamendu hauek hartu zituzten:

– bere herria Euskoren kide egitea
– konpainia gisa kudeatu tokiko zerbitzu publikoetan –jantegi, igerileku, aisialdi zentro, aparkalekuetan…– euskoz kobratzeko baimena ematea
– erosketak, dirulaguntzak eta hautetsien ordainsariak ahal bezainbat euskoz pagatzea

29 herri horietatik 8k bete dituzte beren engaiamenduak –Ziburu, Itsasu, Donibane Garazi, Eiheralarre, Donapaleu, Urketa, Urruña eta Milafrangak–, eta 6 hasi dira engaiamenduak betetzen –Biarritz, Bidarte, Biriatu, Muskildi, Donazaharre eta Senpere–.

Hauteskunde hauek egin eta urtebetera bilana pozgarria da, baina oraino bide luzea bada egiteko, 15 Herriko Etxek ez baitiote segidarik eman Euskoren hitzordu galdeari: Aiziritze-Gamue-Zohazti, Azkarate, Banka, Behaskane-Laphizketa, Kanbo, Zaro, Ezterenzubi, Irulegi, Jatsu, Liginaga-Astüe, Aldude, Mugerre, Pagola, Arrosa eta Urepelek.
Oroitarazten dugu Euskoren langile taldea Herriko Etxe horien zerbitzuko egoten dela. Eta espero dugu ondoko bilana egin baino lehen aitzinamenduak izanen direla.

Azkenik, nabarmentzekoa da engaiamendu hori sinatu ez zuten Ahetze eta Ortzaizeko herriak Euskoren kide egin berri direla.

 

Uztaritzeko Herriko Etxea

 

Euskoaren erabilpena garatzeko

Halere, Euskoren kide egitea ez da aski. Laguntza handia ematen zaio Euskori, hori bai; baina, erabakigarria da Herriko Etxeek rol aktiboa izatea diruaren zirkulazioan, bereziki diru sartzeak eta gastuak ahal bezainbat euskoz kobratuz eta pagatuz.

Arlo horretan eredugarriak dira Uztaritze eta Itsasuko Herriko Etxeak; izan ere, bi herrietan ordainsariak jasotzen dituzten herriko kontseiluko hautetsi guziek hauek osorik ala partez tokiko monetan jasotzea erabaki dute. Halaber, txalo dezagun Anhauze, Ziburu, Hendaia, Hiriburu eta Urruñako Herriko Etxeen desmartxa, baita Euskal Hirigune Elkargoarena (EHE) ere, Euskorekin hitzordua hartu baitute kobratzeak eta ordainketak euskoz egiteko.

Azkenik, nabarmendu behar da Azkaine, Hendaia eta Urruñako Gizarte Ekintzako Herriko Zentroak (GEHZ) tokiko monetaren kide egin direla. Horrela, Ipar Euskal Herriko herritarrentzat egunero euskoa erabiltzeko aukeren garapenean parte hartzen dute!

 

Nola egin ordainketak euskoz?

Nola ordaindua izan tokiko monetan, hautetsia, herriko langilea, material edo zerbitzu hornitzailea edo dirulaguntza jasotzen duen elkartea zarelarik?

– Hautetsi edo langilea tokiko monetaren kide izan behar da eta eusko kontu bat ireki behar du; gero, aski da herriko zerbitzuei kobrantza-ahalordea ematea hemen deskarga daiteke.
– Elkarte edo enpresa batek kobrantza-ahalorde bera bete eta Herriko Etxeari eman behar dio, aurrekontuarekin edo dirulaguntza eskaerarekin batera. Oraindik ez bada Euskoren kidea, hitzordua hartu behar du bere eskualdeko garapen arduradunarekin.

Zalantzak, galderak? Jarri gurekin harremanetan 05 33 47 54 11 telefono zenbakira deituz edo info@euskalmoneta.org helbide elektronikora idatziz.

 

Elkargoek eta haien partaideek ere ekonomiaren birkokapenean eta Euskal Herriko trantsizio ekologikoan aktiboki parte hartzeko eginkizun inportantea dute!

 

* Ahetze, Aintzila, Ainhoa, Anhauze, Azkaine, Aiherra, Baiona, Bidarrai, Ziburu, Ezpeleta, Gabadi, Gamarte, Itsasu, Hazparne, Hendaia, Bastida, Lehuntze, Makea, Maule, Lekorne, Ozaze-Zühara, Ortzaize, Izura-Azme, Sara, Donibane Garazi, Baigorri, Eiheralarre, Donapaleu, Hiriburu, Urketa, Urruña, Uztaritze eta Milafranga.