Eusko Euskal Herriko tokiko monetaren balio nagusietarik bat elkarteei laguntzea da.
Horregatik, hastapenetik, “% 3ko emaitza”, elkarteendako diru iturria plantan ezarri zuen. “% 3ko emaitza” horrek tokiko monetaren alderdi solidarioa erakusten du.
Gainera, etengabe emendatzen ari da, eta eragin nabarmena izan dezake elkarteen finantzetan; izan ere, hari esker, elkarte batzuek urtean 2.000 eusko baino gehiago jasotzen dituzte!

Iaz, Elkarteen Egunean, 38.674 eusko banatu zitzaizkien arlo anitzetan, –ingurumena, euskara, hezkuntza, migratzaileekiko elkartasuna, kirola, etab.– lanean ari diren 55 elkarteri.

 


Eusko Elkarteen Eguna // 2020ko urriaren 10a // Donapaleu // © Bertrand Lanneau – Eusko

 

Aurten, Elkarteen Egunaren formula kanbiatuko da. Izan ere, ekitaldi publikoa izatetik tokiko monetaren kide diren edo ez diren elkarteetako arduradunendako ekitaldia izatera pasako da. Elkarteek ere osasun-krisia gogorki pairatu dutela eta diru iturriak aniztu behar dituztela oharturik, 2021eko edizio honen asmoa da elkarteei Euskoren “% 3ko emaitza” ezagutaraztea eta hori garatzeko tresnen berri ematea. Helburua da elkarteak Euskoren “% 3ko emaitzaz” baliatzera bultzatzea, haien diru iturri iraunkorretarik bat izan dadin.

Ekitaldia goizean iraganen da. Orduan, “% 3ko emaitza” horren xedea, funtzionamendua eta abantailak azalduko dituzten hiru hitz hartze izanen dira.
Aurkezpen horien ondotik, aurtengo “% 3ko emaitza” jasoko duten elkarteei dirua banatzeko zeremonia eginen da; orduan jakinaraziko dira elkarte onuradunak, eta bukaeran 2021eko “% 3ko emaitzaren” zenbateko osoa jakinaraziko da. Elkarte horietako arduradunak beren txekea (sinbolikoa) hartzera jinen dira, eta hitza hartzen ahalko dute beren emaitzaren bilakaerari buruz, horrek ekarri dizkien abantailei buruz, edo tokiko monetak beren elkartearentzat adierazten duenari buruz mintzatzeko.
Talde argazki baten ondotik, pintxo goxoak eskainiko ditu Euskok, eta memento hura elkarteetako arduradunen arteko solasak bideratzeko, haien arteko harremanak indartzeko eta hitz hartzeetan pausatu ez diren galderei erantzuteko parada izanen da.
Orduan, kazetariek lekukotasunak bildu eta elkarrizketak egiten ahalko dituzte.

 

Egitaraua

– 10:00 // Sar-hitza
– 10:10 // Euskoren “% 3ko emaitza”: Zergatik? Nola?
– 10:40 // Emendatu zure emaitza “% 3ko planari” esker
– 11:10 // Eta zure elkarteak kide sariak eta dohaintzak euskotan biltzen balitu?
– 11:30 // “% 3ko emaitzen” banatzea eta elkarteen lekukotasunak
– 12:00 // Pintxo goxoak

 

Euskoren “% 3ko emaitza”, nola dabil?

Euskoren kide bakoitzak tokiko monetaren kide diren 250 elkarte baino gehiagoren artean hauta dezake babestu nahi duen elkarte bat. Elkarte honek 30 babesle dituelarik, Euskok urte guziez “% 3ko emaitza” desblokeatzen dio: elkarte baten babesle guziek euskotan trukatu euroen % 3ren baliokidea da. Horrela, adibidez, hilabetean 80 eusko trukatzen dituzten 35 babesle dituen elkarte batek urtean 1.000 eusko jasoko ditu!

Euskoren “% 3ko emaitza” hau profesionalek euskoak eurotan kanbiatzen dituztelarik aplikatzen zaien % 5eko zergak finantzatzen du.