Euskal Moneta – Monnaie locale du Pays Basque irabazteko xederik gabeko elkarteak (Baionako suprefeturan erregistratua denak) du Euskoa kudeatzen. Elkartea molde demokratikoan gobernatua da. Euskal Herriko tokiko moneta osagarria da Euskoa, eta 2013ko urtarrilaz geroz erabiltzen da. eusko bat = euro bat. 4000 kide partikularrek eta 1300 enpresa eta elkartek dute Euskoa erabiltzen. 2021ko Azaroan, 4 milioi eusko erabiltzen ari ziren.

Euskoa tokiko moneta osagarria da, Kode monetario eta finantzarioak 2015az geroz bere L311-5 eta L311-6 artikuluetan definitu bezala. Lurralde jakin batean baizik ez du balio, eta hedatzen dituen elkarteak onartu hartzaile batzuen artean baizik ez: hots, enpresa, elkarte eta lekuko elkargo jakin batzuen artean. DGFIP erakundeak 2016ko urrian igorri ohar batek onartzen du euskoa udal konpainietan ordaintzeko erabil dadin.

Euskoa 2013az geroz erabiltzen da. 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoko billeteak badira. 2017ko martxoaren 19az geroz, 2016ko urriaren 7ko Errepublika Numerikoari buruzko legeari jarraikiz, Euskal Moneta elkarteak eusko-kontu elektronikoaren sistema ere sortu du. Kideek euskoak sartzen ahal dituzte beren kontuan, euroak Euskal Monetari emanez. Gero, kideek euskoak trukatzen ahal dituzte beren artean, gasturik gabe. Euskokarta izeneko ordainketa-txartel bat ere eskuratzen dute. Horri esker, behar den Eusko ordainketa-tresna elektronikoaz hornituak diren saltegietan ordaintzen ahal dute; tresna elektroniko hori Euskal Monetak urririk prestatzen du. Horrela, saltzaileak euskotan ordainduak izaten ahal dira: euskoak bezeroaren eusko-kontutik saltzailearen eusko-kontura zuzenean joaten dira (eusko-kontuan ezin da zilorik izan).

Gaurko egunean, 3300 kide partikular baino gehiagok eusko-kontu bat badute. Partikularrek kontu horietan hilabete oroz 165 000 eusko baino gehiago ezartzen dituzte; eusko horiek, gero, Eusko-sareko 1300 saltzaile, ofiziale, elkarte eta laborari baino gehiagoren ordaintzeko erabiltzen dira, edo euskokartaz, euskopay aplikazioaz edo eusko billetez.

Eusko-sarea Frantziako tokiko moneten bi sareetako (Réseau des Monnaies locales complémentaires citoyennes eta Mouvement SOL) kidea da. Eusko-sareak partaidetzak garatzen ditu unibertsitateetako munduarekin, tokiko moneten eragin ekonomiko, ekologiko eta sozialaren neurtzeko. Tokiko moneten institutua ere sortu du. Ikerketa eta formakuntza erakunde horrek tokiko moneten funtzionamendua ikertzeko eta hobetzeko, bai eta Euskoaren tresnak eta jakitateak beste lurraldeetako proiektu-eramaileei zabaltzeko xedea du.

Euskal Moneta elkartea molde demokratikoan gobernatua da, Kolegioen Batzorde batek zuzendurik. Batzorde horrek partaideen ordezkariak biltzen ditu (partikularrak, enpresak, elkarteak, etab.); elkartearen xedea atxikitzeari eta haren kudeaketa irabazi asmorik gabeko gelditzeari kasu ematen die. Euskal Monetako kide bilakatzen den Hiria edo Herria Euskal Monetako lekuko elkargoen kolegioan sartzen da; kolegio horrek 4 ordezkari ditu Kolegioen Batzordean.