Ainiza-Monjolose, 2026ko urriaren 10a, larunbatez.

Larunbat honetan, Euskal Monetak 89 119 eusko (1 eusko = 1 €) banatu dizkie tokiko monetaren erabiltzaileek babesturiko lurraldeko 72 elkarteri. Kopurua ia 10 000 euskoz emendatu da 2025ari konparatuz, eta beste hamar elkarte sartu dira dispositiboan. 2026ko edizioarekin, sistema sortu zenetik elkarteei orotara banatutako kopurua 560 000 euskora heldu da!

Elkarte-bizitzari eskainitako goizaldia

Elkarteen eguna Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) egoitzan iragan zen Ainiza-Monjolosen. Lurraldeko elkarte guztiei irekia, Eusko sarean izan ala ez, goizaldiak 40 elkarte baino gehiago bildu ditu adimen artifizialaren inguruko formakuntza praktiko baten inguruan, teknologia honek elkarteei zer ekar diezaiekeen ikusteko, baita haren mugak eta kostuak ulertzeko ere. Goizaldia txeke emate sinboliko batekin eta zintzur bustitze gozo batekin bukatu zen.

 

Euskoaren %3ko dohaintza, deus ez duen kostatzen dohaintza

Printzipioa erraza da: Eusko erabiltzaile bakoitzak sareko 350 elkarteetarik bat babes dezake. Elkarte horrek 30 babesle izan bezain laster, urtero, bere babesleek euskotara trukatutako euroen %3 ko dohaintza lortzen du.

Dohaintza hori gehitzen den zerbait da, ez da truketik kentzen: norbaitek 100 € trukatzen dituelarik, 100 eusko eskuratzen ditu, eta Euskal Monetak 3 eusko ematen dizkio babesten duen elkarteari.

Adibidez, 40 babeslek hilabetero 70 € trukatzen badituzte, urte bukaeran elkarteak 1 000 eusko eskuratuko ditu.

Elkarte bakoitzaren energia islatzen duen dohaintza

%3ko dohaintza ez da dirulaguntza bat: bere kopurua elkarte bakoitzak sistema ezagutarazteko ematen duen indarraren arabera da. Aurten, oso perfil desberdina duten bi adibideek erakusten dute hori.

Baionako Ikastolak sailkapenaren buruan. Baionako Ikastolen Lagunak (BIL) elkartea 4.460 euskotik 4.850 euskora pasatzen da eta onuradun nagusia bilakatzen da!

«Baionako Ikastoletan, familia askok euskoa ezagutzen dute, batzuek haien hilabete saria euskoz ordaintzen dute, baina ez dute beti pentsatzen egunerokoan erabiltzea. Baionako besten karietara, monetaren erabilpena bultzatu nahi izan genuen gure gunean. Tokiko monetarekin ordaintzen zutenei prezio apalagoak proposatu genituen. Operazioak biziki ongi funtzionatu du: euskotan egindako salmentak hirukoiztu egin ditugu aitzineko urteekin konparatuz, eta kuriositate zein poz handia sortu da tokiko monetaren inguruan. 

Sartze-bilkuran, Euskoaren % 3ko dohaintzak gure eskolen finantzaketan duen lekua eta hilabeteroko trukearen garrantzia gogorarazten diegu familiei. Laguntza ematen diegu kidetzen eta tokiko moneta beren gain hartzen ere. »

Baionako ikastoletako ikasleen gurasoak – BIL

Berrerabiltzeak tokiko monetarekin bat egiten duelarik. Garazitik hurbil den Lokala birzikla-guneak kudeatzen duen Avenir elkarteak bere dohaintza hirukoiztu baino gehiago egin du, 190 euskotik 650 euskora pasatuz. Urte batzuetan 30 babesleen muga azpitik izan ondotik, mugarri bat gainditu du Euskal Monetako langile batek segurtatutako hiru informazio-mahairi esker.

« Aspalditik ezagutzen genuen % 3ko dohaintzaren printzipioa, baina 30 babesle horietara heltzea zaila iruditzen zitzaigun. Lokala gure birzikla-gunearen irekitzeak gauza bideragarri egin du: ikusgarritasuna eta jendearekin zuzeneko harreman-gune bat eman dizkigu. Euskal Monetan lanean ari den Jokin hiru aldiz etorri da informazio-mahai baten atxikitzera. Bezeroek Euskoa ezagutu dute, errazkiago mintzatu ahal izan gira horretaz, eta oraindik urratsa eman ez zuten kide aktibo batzuek kidetza azkenean egin dute.
Dudak ditue elkarte bati aholkatuko nioke bere kide aktiboetatik hastea – horiek baitira lehen babesle naturalak— eta Euskal Monetari laguntza eskatzea, bereziki informazio-mahaien bidez.
»

Alice Leiciagueçahar, Lehendakariordea eta koordinatzailea

Tokiko moneta bat lurraldearen zerbitzuko

Marka berri honek gogorarazten du tokiko moneta ordaintzeko bide bat baino askoz gehiago dela: norbanakoen, saltegien eta elkarteen artean dabilalarik, Euskoak aberastasuna lurraldean finkatzen du eta, bere erabiltzaileei deus kostatuz gabe, Euskal Herria egunerokoan biziarazten dutenak finantzatzen ditu.

Elkarte bat laguntzeko gogoa duzu? Euskoko kide bakoitzak sareko 350 elkarteetarik nahi duena babes dezake, zuzenean bere kontutik moncompte.euskalmoneta.org gunean.

Elkarte bat zira? Sarrarazi zure elkartea sarean eta bildu 30 babesle! Horri esker, dohaintza urtero eskuratuko duzue.