7 urte dira Baigorriko herriko etxea Eusko kide dela. Geroztik, herriko kanpinaren eta coworking lokalaren alokairuaren ordainketaren esparrua gainditu du: auzapezak, auzapezorde batek eta herri teknikari batek euren lansariaren parte bat euskoz jasotzen dute.

Herriko auzapezak 2019ko kidetzaz eta euskoaren erabilera pertsonalaz mintzo da.

Antton Curutcharry, Baigorriko auzapeza

  • Zerk bultzatu zuen herriko etxea 2019an Euskoarekin bat egitera?
    Gure hautetsi taldean, zonbaitzuek erabiltzen zuten jadanik euskoa. Iduritzen zitzaukun tokiko moneta baten erabiltzeak laguntzen ahal zituela zirkuito laburrak eta bultzatzen ahalko zuela tokiko ekoizpenen merkatua. Herriko kontseiluan, ez dute denek berehala ulertu zergatik egiten zen, bainan gehiengo zabal batek egin du parioa. Komertsant zonbaitzu prest ziren urratsaren egiteko eta segur da, herriko etxeak egin zuelarik urratsa harek ere bai, eman ziola irudi positibo bat eusko proiektuari herrian. Eta indarra.
  • Zergatik erabaki zenuen zure lansari parte bat euskoz jasotzea? Eta non erabiltzen dituzu?
    Pertsonalki, ene hautetsi indemnitatearen parte bat euskotan errezebitzen dut, eta hilabete guziz, kanbio automatiko bat egiten dut ene kondutik eusko kondurat. Euskoak erabiltzen ditut ene haurren eskolako kantinaren ordaintzeko, komertzioetan artetan, aldizkari batzuen kotisazioa ordaintzeko eta AMAP edo tokiko ekoizpen manaketa kolektibo batzuen pagatzeko.
  • Zer errango zenioke urratsa emateko dudan den auzapez bati?
    Lehenik: ez dela irrisku izpirik. Ez da deus ere galtzeko, dena irabaztekoa, diru hori egoiten baita gure Ipar Euskal Herrian eta tokiko ekonomia laguntzen baitu. Gero, herriak bultzada bat eta ikusgarritasuna emaiten diola euskoari. Eta hori inportanta da. Bururatzeko, hautua eta parada berri bat emaiten diegu hautetsieri eta herriko langileeri euskotan pagatuak izaiteko. Eta, emeki emeki, martxan da ! Hastapenean bakarrik nintzan, orain 2 hautetsi eta langile 1 gira sisteman sartu.

Auzapezorde batek eta teknikari batek haien lansari parte bat euskoz hartzen dute

  • Zergatik erabaki duzu zure lansari parte bat euskoz jasotzea?
    Jean-Paul Bibes, auzapezordea: Lehendik eusko kide nintzelako, eta aukera zen nire kontuan ekarpen gehigarri bat automatizatzeko, besteei ere adibide emanen diedala espero dudalarik. Horri esker, nire erosketak tokiko ekonomiarantz bideratzen ditut, eta tokiko kredituen funtsaren bidez ere laguntzen dut. Aldatzen dudan euro bakoitzak bi aldi balio du lurraldeko ekonomiarako.
  • Zerk bultzatu zintuen zuk pertsonalki Eusko kide egitera?
    Joritz LARRAZA, herriko enplegua : Aberriaren eraikitzeko tresna bat baitalakotz, bai eta jakitea diru kopuru ttiki bat Ipar Eskual Herriko elkarteeri zuzendua izanen dela.
  • Nola erabiltzen dituzu egunero zure Euskoak? Sareko zein merkatari, ekoizle eta elkarteetan?
    Jean-Paul BIBES : Telefono aplikazioarekin eta eskudirutan erabiltzen ditut, merkatarien arabera. Aldiro Baigorrin: tarta saltegian, txokolate-fabrikan, okindegian (nahiz eta gutxitan joan). Garazin, Paris eta Eztika janari-dendetan. Kostaldera noanean, Grain de Soleil eta Biocoop saltegi ekologikoetan, eta Elkar liburu-dendan. Eta aukeran, beste zenbaitetan. Horrek nire erosketa-hautuak bideratzen ditu. Gehienetan Baigorriko xaboi-lantegian aldatzen dut, eta batzuetan Garazin, Paris janari-saltegian.
  • Euroak Euskotan aldatzen dituzunean, %3 zuk aukeratutako Eusko kide den elkarte bati ordaintzen zaio. Zer diozu mekanismo honetaz? Horrek bultzatu zintuen Eusko kide egitera?
    Joritz LARRAZA : Bai motibatu nau horrek, iduritzen zait ongi dela bertako elkarteeri sustengua ematea, ikusiz sekulako lana egiten dutela gure lurra, kultura eta nortasuna babestekotz, eta ez dutela bortxaz beharrezko ezagupena jasotzen. Ez dut elkarte guztien baloreekin eta nortasunarekin bat egiten, bainan hautatzeko aukera badenez ongi iduritzen zait.

Herriek badute lekua dinamika horretan

Herritarrekiko, elkarteekiko eta eragile ekonomikoekiko hurbiltasunari esker, herriek lagun dezakete Euskoa ezagutarazten eta haren erabilera sustatzen. Herri guztiek interes handia dute auzoko merkataritza, laborantza iraunkorra, euskara eta elkarte-bizitzaren finantzaketa bultzatzeko. Zentzu horretan, Eusko kide egitea engaiamendu naturala da.

Beste herri batzuek ere har dezakete parte, Euskal Monetarekin batera beren lurraldeari eta lehentasunei egokitutako bidea eraikiz.

Ekimen hau ezagutu nahi duten eta kidetzari buruz hitz egin nahi duten hautetsien esanetara gira: nikolas@euskalmoneta.org – 06.78.16.08.79.