Euskoaren ibilbidea

Euskal Herriko moneta, beste tokiko  moneta guztiak bezala, ez da metatzeko edo bazterrean atxikitzeko egina den moneta bat. Bere helburua ahal bezain bat zirkulatzea da! Finantza merkatuetan edo paradisu fiskalean joateko lurraldea fite utziko duen Euro batek ez bezala, Euskoa eraginkorra da eta ekonomia errealaren zerbitzura den moneta bat da.

Transakzio bakoitzak, konkretuki, trukeen birkokatzean parte hartzen duen zirkulu bertutetsu bat sortzen du. Horretarako biziki erraza da! Behar da lehenik tokiko monetan kidetu, gero etxetik edo lanetik hurbil diren eta euskoa onartzen duten saltzaileen aurkitegia hartu (hemen deskarga daitezke), eta beren ikustera joan euskoz ordaintzeko eta horrela ekonomia birkokatzeko mugimendua abiatzen da!

Alabaina, beren diru-kutxan euskoak metatzen ikusten dituzten saltzaileek bi aterabide badituzte: edo euskoak onartzen dituzten hornitzaile batzuen ordaintzeko baliatzen dituzte, edo eurotan trukatzen dituzte… % 5eko gastuak pagatuz (honen bidez da tokiko elkarteak laguntzen dituen Euskoaren %3ko dohaintza diruztatzen). Ondorioz, Eusko sareko profesionalen %56ak hemengo hornitzaile berri bat (gutienez) hartu dute, beren euskoen erabiltzeko. Eta %84ak ez dute sekulan eusko bakar bat ere eurotan trukatzeko beharrik ukan.

Hola, gure tokiko monetak saltzaileen, laborarien, enpresa ttipi eta ertainen, elkarteen arteko loturak sortzen ditu, bai eta tokiko eta zirkulu formako ekonomia bat garatzen, Euskal Herriko enpresak eta, beraz, tokiko enplegua indartzeko bidea emanez, aldi berean garraio luzeei lotu berotegi efektuko gasen isurketak murriztuz.