EUSKO-KONTUA: ERABILBIDEA

Eusko-kontu baten irekitzeak ez du gastu gehigarririk ekartzen: zure urtesaria ordaintzen duzu soilik, bazkidetza sinplearen tarifa berean.

Eusko-kontu elektroniko seguru bat baduzu: Internet bidez behatzen ahal diozu, zure banku-kontuari bezala. Kontu hori kreditu txartel bati lotua zaio: euskokarta da.

  • Zure eusko-kontuan ezin duzu zilorik ukan. Beraz, banku gasturik ez (beste gasturik ere ez).

  • Kontuan ez baldin baduzu aski dirurik, beste eusko-kontu batera biramendurik egitea edo saltegi batean euskokartaz ordaintzea errefusatuko zaizu.

  • Segur izateko zure kontuan beti badela gutieneko diru kantitatea, hilabeteroko truke automatikoa plantan ezarri behar duzu (gutienez 20 euskokoa). Horren elikatzeko, zure beste banku batetik sosa automatikoki aterako dugu, hilabete guziz, 10ean; horretarako, banku hortako nortasun agiria emanen diguzu. Eragiketa gasturik gabekoa da, eta zure eusko-kontuan truke automatiko horren zenbatekoa edozein momentutan egokitzen ahal duzu, bai emendatuz, bai ttipituz. Kontseilatzen dizugu hilabetean gutienez 50 euskorekin hastea, lehen asteetan aski ukaiteko, berdin gero zure truke automatikoa ttipituko duzu, nahi baduzu.

  • Billeteak ere ateratzen ahal dituzu zure eusko-kontutik, hogeita hamar bat Eusko-aldagunetan (salbu Urruñako Xaian).

  • Partikularrek ezin dute beren eusko-kontuan billeterik ezarri; profesionalek, aldiz, bai: horiek aldagune guzietan egiten ahal dute.

  • Sistema osoa segurua da: zure Interneteko eusko-kontuan sartzeko, zuhaurek hautatuko duzun kode sekretu bat ukanen duzu; euskokartaz ordaintzeko, zuhaurek hautatuko duzun lau zifrako PIN kode bat sartu behar duzu.

  • PIN kodea sartzean hiru aldiz huts egiten baldin baduzu, zure euskokarta blokatua izanen da: Euskal Monetarekin harremanetan sartu beharko duzu.

Zure eusko-kontuan sosa sartzeko, bi aterabide badituzu:

1. Biramenduz

Biramendu bat egiten diozu Euskal Monetari, eurotan duzun banku-kontutik, zuzenean. Zure biramendua ukan eta, biharamunean, sosa zure eusko-kontuan sartzen dugu. Beraz, gehienetan, bi lan egun kontatu behar dira, zure biramendua egiten duzun egunetik sosa zure eusko-kontuan sartzen den arte.

  • Euskal Monetaren kontuaren zenbakiak, zure hartzaileen zerrendari gehitzeko:

    • IBAN: FR76 4255 9100 0008 0147 3341 751

    • BIC : CCOPFRPPXXX (Crédit Coopératif)

  • Oroz gainetik, ez ahantz zure biramenduaren izenburuan «Trukea» hitza eta zure kide-zenbakia zehaztea. Adibidez: Trukea E00058.

2. Aldagune batean

Edozein aldagunetan, txeke bat edo sos idorra ematen ahal duzu, sosa zure kontu numerikoan sartzeko. Sosa berehala sartzen da!

Zure eusko-kontutik beste pertsona baten, elkarte baten edo enpresa baten eusko-kontura biramendu bat egiteko, hola egin behar duzu:

  1. Zure solaskideari bere eusko-kontuko zenbakia galdegin iezaiozu (9 zifrakoa). Zenbaki horren ezagutzeko, bere eusko-kontuan sartzen da; lehen orrialdean, zenbakia ikusiko du, ezkerrean «Kontu-zenbakia» idazkiaren azpian (oharra: kontu-zenbakia ez da kide-zenbakia, ez eta euskokartan idatzia den zenbakia ere).

  2. Zure eusko-kontuan, zoaz «Ene biramenduak» orrialdera, eta gero klik egin «Hartzaileen kudeatzea» idazkian.

  3. «Hartzaile berria» idazkian klika ezazu, eta zure solaskidearen kontu-zenbakia sar. Haren izena agertuko da, behar den zenbakia sartu duzula segur izateko.

  4. Itzul zaitez «Ene biramenduak» orrialdera; orain, «Biramendu puntuala» orrialdean klik egin eta formulario laburra bete ezazu. Ontzat eman ondotik, biramendua berehala eginen da: euskoak zure kontutik aterako dira, zuzenean, eta zure solaskidearen kontuan sartuko dira.

18 urte baino gutiago eta 16 urte bete dituzten pertsonek eusko-kontu bat irekitzen ahal dute, besteek bezalako baldintza beretan, baina buraso-agintea daukan pertsonetarik baten baimen idatzia ukanez geroz.

Baimen hori postaz igorri behar zaio Euskal Monetari, buraso-agintea daukan pertsonaren nortasun-agiriaren kopiarekin eta kontu bat postaz irekitzeko usaian behar diren osagai guziekin, hemen zehaztu egin-moldeari jarraikiz.