Seaskako lehendakaria den Peio Jorajuria-rekin elkarrizketa

Ikastolak, gurasoek elkarte moduan, demokratikoki kudeatzen dizuzten euskarazko murgiltze sistemako eskolak dira. Seaska sarean federatuak, Hezkunde Nazionalarekin kontratupean, Ipar Euskal Herriko lehena 1971n sortu zen, eta gaur egun 37 dira, ama ikastolatik lizeora 4000 ikasle baino gehiago dira. Eta ibiltzen da! Hizkuntz altxorra eta euskal kulturaren oinarria den Euskararen babesteaz gain, azken inkestek erakusten dute murgiltze ereduan diren haurrek emaitza hobeak dituztela frantses eta matematiketan!

Zoritxarrez, osasun krisiak eragin haundia du eskola horietako diru biltzeetan, batez ere Herri Urrats edo ikasturte bukaerako besten inguruan egiten direlako. Eta horrek hezkuntza eredu horren egonkortasuna arriskuan jartzen du, Estatuak %25a baizik dizutatzen duelako. Horregatik, Ikastolek beste diru iturri batzu atzeman behar dituzte, hala nola gurasoen kotizazioak, edo… Euskoaren %3ko dohaintza.

12 500 eusko ikastolentzat

“Euskoaren %3” dohaintza Ipar Euskal Herriko elkarteentzat zinezko diru iturria da. Sistema horri esker, Eusko kide diren elkarteek beren babesleek (elkartea hautatu duten gutienez 30 eusko kideak) urte batez Euskoz egindako erosketen %3aren pareko dohaintza ukaiten dute. Eta ikastola anitzek, tokiko moneta gero eta gehiago erabiltzen duten gurasoen mobilizazioari esker, dohaintza hau jasotzen dute. Hain zuzen ere, joan den urriaren 10ean Donapaleun irangan den Eusko Elkarteen Eguna kari, banatuak izan diren 38.000 euskoetatik 12.500 ikastolentzat izan dira (ikus zerrenda beherean).

 

Ikastolen egoeraren hobeki ulertzeko Euskoarekiko eta %3ko dohaintzarekiko, Seaska Ikastolen federakuntzaren lehendakaria den Peio Jorajuriari galderen pausetzera izan gira.

 

Euskoaren %3ko sistemari esker, Ikastolek 12.000 eusko baino gehiago jaso dituzte aurten. Sistema hori, zure ustez, ikastolentzat diru iturri osagarri bat bihur daiteke? Ikastolak bultzatzen al dituzu aukera horretaz baliatzeko?

Ikastolentzat, Euskal monetaren partaide izatea lehen lehenik hautu militantea bada, laster ohartu gara finantzamendu mailan ere interesgarria zela guretako. Ikastola gehienetan,  burasoek antolatutako ekitaldiek (afari, talo salmenta, kantaldi…) aurrekontuaren heren bat osatzen dute. Burasoak etengabe ari dira beraz diru iturri berrien bilatzen eta Euskoaren %3a biziki interesgarri izan daiteke kari horretan. Ikusten dugu ere hastapen batean beren inguruan sare baten osatzeko lana egin duten ikastolek diru ekarpen ederra lortzen dutela, eta ekarpen hori urtez urte errepikatzen dela, agian luzaz.

Euskoaren %3ko dohaintzaren diru laguntzaz gain, zer oihartzun du euskoaren eguneroko erabilerak, seaska eta ikastolen proiektuarekin?

Ikastolak sortu dira elkartasuna, lurraldetasuna eta burujabetza baloreek bultzaturik. Azken 50 urteetan egin duguna eta oraindik jarraitzen duguna egingarri izan dira jende batzuk erabaki baitute gure lurraldearen garapenerako behar genituela gu haurek sortu nahi genituen tresnak. Euskoa bultzatuz, ildo beretik ari gara, gure lurralde hurbileko egiturak saretuz eta azkartuz, proiektu amankomun baten kide izanez.

Euskoa euskaldun eta erdaldunek erabiltzen dute: zertan euskararen babestea garrantzitsua da zuretako?

Euskara gure hizkuntza da, eta gure egunerokotasunerako hizkuntza izan dadin nahi genuke. Baina badakigu gaurko frantses koadro juridikoaren baitan, ekintza militanteak beharrezkoak ditugula hainbat esparrutan hizkuntzaren erabilera atxikitzeko. Euskoak laguntzen ditu euskara dakitenak identifikatzen zein diren euskarari harrera ona egiteko prest diren saltegiak. Laguntzen ditu ere euskara ez dakitenak ikusten eta ulertzen euskararen eremuan direla eta euskara ikasten badute, baliatzen ahalko dutela!

 

Zuek ere Ikastolak sustengatu euskoa erabiliz!

Gero eta guraso gehiagok egunero Euskal Herriko moneta erabiltzen dute beren ikastola laguntzeko. Biziki erraza da, nahikoa da Eusko kidetzea (12€ urtean), ondotik zure ikastola hautatu babesten duzun elkarte gisa, eta euskoaren %3ari esker diru laguntza osagarri bat sortzen da. Eta fite igan daiteke: babesle bakoitzak 100 euro euskoz aldatzen baditu hilabetean, elkarteak 1.080 eusko jasoko ditu urtean!

Badakizu? Babesten duzun elkarte bat hauta dezakezu eta zure %3ko dohaintzaren garapena segi dezakezu sareko Eusko kontuan konektatuz! Ez duzu oraindik Eusko konturik ? Klika hemen 😉


Elkarteak : %3ko dohaintaren hartzaile!

Euskoaren %3ko dohaintza, osoki zure esku den diru laguntza bakarra da : babesleek gero eta eusko gehiago erabili, gero eta jaso diru laguntza haundiagoa da. Zure elkarte kideak motibatu! 2021ko dohaintza oraindanik hasten da : zenbatekoa babesle bakoitzak 2020ko uztailaren 1etik 2021ko ekainaren 30a artea, egin dituen eusko alda kopuru osoarengain kalkulatua da.

Zuen elkarte kideen motibatzen laguntzeko hor gira, adibidez zure biltzar nagusi batena Euskoaren %3ko dohaintaren presentatzera etorriz, informazio mahain bat egin dezakegu gendea kidetu dadin. Gurekin kontaktuan sar!

 

Euskoa erabiliz, Euskal Herri ekologistago, euskaldunago eta solidarioago baten eraikitzean parte hartzen da!

 

2020an ikastola eta lotuak zaizkien egiturei banatu Euskoren %3ko dohaintzaren zehaztasunak:

Amikuzeko ikastola 389
Arberoa Ikastola 348
Arrokagarai ikastola 353
Association Habia elkartea (Sohütako Eperra ikastola) 105
Azkaingo ikastola 407
Baionako Ikastolen Lagunak (BIL) 2901
Bernat Etxepare lizeoa 578
Donibaneko ikastola 534
Errobi ikastola 130
Ezkia ikastola 315
Garaziko ikastola 159
Integrazio Batzordea 1496
Itsas Argi ikastola 207
Kaskarotenea Ikastola 244
Kimua Angeluko ikastola 417
Louis Dassance Ikastola 166
Manex Erdozaintzi Etxart Kolegioa (MEEK) 737
Olhain ikastola 280
Ortzaizeko Ikastola 444
Oztibarreko ikastola 419
Seaska 1387
Xalbador kolegioa 292
Zaldubi ikastola 237