2025eko maiatzaren 15etik 25era, Euskaraldiaren 4. edizioak hizkuntza-ohiturak aldatzera akuilatzen du pertsona bakoitza, egunerokoan euskararen erabilera areagotzeko. Gizarte-ekimen honen bidez, euskararen erabilera handiagoa sustatu nahi da gizarte-biziko alor guzietan, eta, horretarako, parte-hartzaileak bultzatu nahi dira euskararen aldeko hizkuntza-ohiturak hartzera.
Inkesta soziolinguistikoek agerian uzten dute gero eta tarte handiagoa dagoela euskararen ulermenaren eta erabileraren artean. Nahiz pertsona anitzek hizkuntza ulertzen duten, dudan daude eguneroko bizian hizkuntza horretan mintzatu ala ez. Egoera horrek arriskuan jartzen du euskararen bizitasuna, hizkuntza delarik alta euskal identitate kulturalaren oinarrizko zutabea. Euskaraldiak egoera eta joera hori irauli nahi du, euskararen aldeko hizkuntza-ohituren inguruko dinamika kolektiboa sortuz.
11 egunez, parte-hartzaileek txapa batekin sinbolizatutako rol bat hautatzen dute:
- Ahobizi: elkarrizketak euskaraz hasteko eta ahal bezainbat euskara erabiltzeko engaiamendua hartzen dutenak.
- Belarriprest: euskara ulertzen dutenak eta besteak haiekin euskaraz hitz egitera akuilatzen dituztenak, nahiz eta haiek ez duten aise mintzatzen.
Osagarri gisa, erakundeetan (enpresetan, elkarteetan, instituzioetan) Arigune izeneko espazioak plantan ezartzen dira, euskararen erabileraren aldeko giroa bermatzeko. Euskal Moneta Arigune horietarik bat da, eta, hala, elkarteak euskararen aldeko engaiamendua berresten du!
Euskal Monetaren euskararen aldeko eguneroko engaiamendua
Euskal Monetan, euskararen sustapena engaiamendu zehatza da, hainbat ekintzen bidez gauzatzen dena:
- Afixatze elebiduna: sareko profesionalei urririkako laguntza ematen diegu, Euskal Moneta eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza bati esker, jendeak ikus dezakeen euskara-frantsesa afixatze elebiduna plantan ezartzeko. Orain arte, 450 profesionalek baino gehiagok egin dute beren afixatzeen zati bat edo osoa euskarara itzultzeko indarra, eta, hala, eremu publikoan euskararen erabilera erraztu dute.
- Hizkuntza tailerra: profesionalak euskara eta euskal kultura ezagutzera akuilatzen dira. Hizkuntzako lehen irakaspen tailerrak prestatzen ari gara, tokiko eragileekin elkarlanean, hizkuntzaren eta bere kultura-ingurumenaren lehen hurbilpen gisa.
- Hizkuntza-seinaletika: erakusleihoetako pegatinek langileen euskara-maila adierazten dute, bezeroak euskara erabiltzera akuilatuz beren aisetasunaren arabera.
– “Lehen hitza euskaraz” aipamenak saltegian sartzean euskaraz agurtzera akuilatzen zaitu: harrera lekuan dauden pertsonek euskarazko hitz batzuk ezagutzen dituzte, edo langileen zati bat baizik ez da euskalduna.
– “Euskaraz” aipamenak erran nahi du dudarik gabe euskaraz hitz egin dezakezula: saltegian langile guziak dira euskaldunak.
Horrez gain, profesionalen lineako aurkitegiak : https://aurkitegia.euskalmoneta.org/ ahala ematen du euskaldunak zein diren jakiteko.
- Komunikazio elebiduna: komunikazio guzia, inprimatua zein numerikoa, frantsesez eta euskaraz idatzia da, hots, elebiduna da.
- Barne-formakuntza: 1:30eko klaseak proposatzen zaizkie langileei, astero, Ikusi ta Ikasi erakundeak (Xabi Castorene) emanik.
- Eragile euskaldunekilako harremanak: Lurraldeko gertakari eta eragile euskaldunekin harremanetan gaude, euskaran eta euskal kulturan trukadak, partaidetzak eta murgiltzea sustatzeko.
Euskara bikain menperatzen ez baduzu ere, hitz bakoitzak balio du. Lagun artean, familian, lanean edo karrikan, ausart gaitezen euskaraz mintzatzera, pixka bat bada ere. Euskara erabiliz indartuko dugu gure hizkuntzaren presentzia eguneroko bizian.
Lagun artean, familian, lanean, kalean: entzun, mintza eta bizi dezagun euskara!
Argibide gehiago behar baduzu eta 2025eko Euskaraldian izena emateko, joan webgune ofizialera.