Badu 12 urte Euskoa Ipar Euskal Herriko tokiko moneta gisa garatzen dela, tokiko ekonomia indartzeko, zirkuitu laburrak bultzatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko.
Esperientzia horri esker, Euskal Monetak gogoeta bat plazaratu zuen duela bi urte mugaz gaindiko tokiko moneta baten sortzeari buruz, Euskal Herri osoan, Hego Euskal Herriko lurraldeak barne hartuz.
Proiektu honek, Euskoaren sorreratik pentsatua, mugaz gaindiko lurralde baten erronka zehatzei erantzun nahi die: iparraldearen eta hegoaldearen arteko lotura ekonomikoak sendotzea, tokiko trukeak laguntzea, eta ekonomia erresilienteagoa eta iraunkorragoa sustatzea.
Urrats garrantzitsuak gaindituak
Azken hilabeteetan, proiektua etapa berri batean sartu da, Luix Intxauspe Arozamena proiektuaren koordinatzaile gisa kontratatuz joan den urritik. Baztanen (Nafarroan) eta Oarsoaldean (Gipuzkoan), lan bat hasi da. Ipar Euskal Herrian, galdetegi bat beti dago eskuragarri, gogoeta kolektiboa aberasteko eta horrelako proiektu batekiko interesa egiaztatzeko.
Hegoaldeko proiektuak “Gizartearen Moneta” izena hartu du. Euskal Monetak gogoeta hauek laguntzen ditu, proiektua gidatzeko eratu diren instantzia ezberdinetan parte hartuz. Lehen informazio puntu bat egin zen 2024ko ekainaren 1ean iragan zen gure urteko Biltzar Nagusian, Azkainen.
Lehen proiekzio publikoa
Gogoeten une honetan, bada garaia lanen berri publikoki emateko eta bakoitzak bere ekarpena egin dezan. Hala, Euskal Monetak eta Gizartearen Monetak “Mugaz gaindiko moneta osagarrirantz” izeneko mintegia antolatzen dute heldu den otsailaren 8an, larunbatarekin, Baigorrin (Plaza Xoko gelan).
Mintegi hau, momentu garrantzitsua izanen da elkarrekin gogoetatzeko mugaz gaindiko tokiko moneta baten sortzeko aukeraz, harreman ekonomiko eta sozialak sendotuz. Goizaldea parte hartzaileen harrerarekin hasiko da 9:00etatik goiti. Lanak 9:30ean hasiko dira, Euskal Moneta, Baztango pertsona bat eta Oarsoaldeko pertsona baten arteko 3 ahotseko hitzartze batekin, proiektuaren testuingurua kokatzeko. Ondotik, trukaketak talde ttipietan segiko du, denen iritziak eta erreakzioak biltzeko. 11:00etatik goiti, proiektua sostengatzen duten instituzio publikoek hartuko dute hitza. Goiza une atsegin batekin bukatuko da, tokiko produktuen jastatzeko aukerarekin.
Gogoeta une bat denei irekia
Lan bilkura honi esker, bideratuak diren gogoetak partekatuko dira eta Euskal Herrian mugaz gaindiko tokiko moneta bati buruzko ondoko urratsak iragarriko dira.
Parte hartzea deneri irekia da, Euskoko gaur egungo erabiltzaileei edo oraindik kidetu ez direnei, Iparraldeko edo Hegoaldeko enpresaburu, elkarte arduradun, hautetsi edo herritarrei. Eskertuko genuke aldez aurretik izena ematea esteka honen bidez: