Zergatik kidetu zure elkartea?

  1. Zure elkartearen finantzatzeko manera bat delako!

Euskoa elkarteen finantzatzeko manera berri bat ere da, Euskoaren %  3ko sistemari esker. Gisa hortan, 69.672 eusko baino gehiago banatu zaizkie 44 elkarteri, 2023an (ikus zerrenda).

[Prentsa Oharra] Euskok 70.000 euro eman dizkie 44 elkarteri!

Nola ibiltzen da Euskoaren %  3koa? Partikular bat Eusko-sareko kide bilakatzen delarik, lagundu nahi duen elkartea libreki hautatzen du, partikular horrek euskotan trukatuko dituen euro kantitatearen %  3ko emaitzaren hartzaile gisa. Horrek kideari ez dio gasturik ekartzen, eta elkarteari irabazi ederrak ekartzen ahal dizkio, batzuek urtean 3 .000 eusko baino gehiago eskuratu baitute beren kideen mobilizazioari esker. Sistema hori finantzatzen da profesionalek, euskoak eurotan trukatzen dituztelarik, ordaintzen duten %  5eko komisioaren bidez.

Egoitza soziala Euskal Herrian duen edozein elkartek Euskoaren %  3koa eskuratzen ahal du, baldin eta Eusko-sareko kide bada eta Eusko-sareko 30 kideren (gutienez) babesa badu.

Gero, urte oroz, ekainaren 30ean, Euskal Monetak kalkulatzen du elkartearen babesleek euskotan trukatu duten diruaren zenbatekoa, eta elkarteari Euskoaren % 3koa ematen dio, sartzean. Euskoa 2013an abiatu zenetik, 315 000 eusko banatu zaizkie Euskal Herriko 70 elkarte baino gehiagori.

Zure elkarteak ez baldin badu, ekainaren 30eko, 30 babesleen heina kausitu, ez du emaitzarik eskuratzen eta dirua beste elkarteei ematen zaie. Baina, 30 babesleak kausitu orduko —bere kideak mobilizatuz—, sistemaz baliatuko da iragaten ari den urtearendako.

Gero, kideen kopuruaren eta hilabetean trukatzen duten diruaren kantitatearen emendatzeko, Euskoaren Garapen arduradunek aholkuak ematen ahalko dizkizuete, eta komunikazio tresna egokigarriak ekartzen ahalko, zuen kideak eusko-kontuen irekitzera susta ditzazuen. Orduan, kideek hilabeteroko truke automatiko bat plantan eman beharko dute, zeinak gutieneko finantzabidea segurtatuko baitizue. Adibidez, 30  babesle baldin badituzue eta bakoitzak hilabete oroz 100 eusko trukatzen baldin baditu, urte oroz gutienez 1  000 eusko eskuratuko dituzue; horiek erabiltzen ahalko dituzue, bereziki Eusko-sareko hornitzaileei dei eginez (700 baino gehiago badira, aurkitegia hemen da).

  1. Denentzat baliagarria den egitasmoa delako!

Enpresa batek edo elkarte batek euskoak eskuratzen dituelarik, eurotan trukatzen ahal ditu, baina %  5eko komisio bat gosta zaio. Beraz, haien baliatzera entseatuko da. Gisa hortan, Eusko-sareko enpresen eta elkarteen %  56k hemengo hornitzaile bat (gutienez) hartu dute, beren euskoen erabiltzeko. Nork bere euskoak berriz baliatzea uste baino errazago da: horren froga da sareko enpresen eta elkarteen % 84k ez duela sekula eusko bakar bat ere eurotan berriz trukatu.

Nornahik aise erabiltzen ahal duen truke sistema sinple horri esker, Euskoak Euskal Herriko bizilagunen, enpresen eta elkarteen arteko harremanak garatzen ditu. Hori ona da hemengo enpleguarentzat, bai eta Ingurumenarentzat ere, zeren, zirkuitu laburrak garatzea, garraioei lotu berotegi efektuko gasen isurketak murriztea baita.

Euskoaren kide bilakatuz, Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten eraikitzeko dinamika kolektibo batean sartzen zara!

Gainera, hemengo produktuak eta euskararen erabilera sustatzen duen desafioen sistemari esker, Euskoa Ingurumenaren eta euskararen alde aritzeko tresna ere da, non denek parte hartzen ahal baitute. Tresna komun horrek funtsezko elkartasun loturak sortzen ditu jendarteko eremu guzien artean: ekologista batek, ingurumenaren defendatzeko, euskoa erabiltzen duelarik, denbora berean, euskara  ere defendatzen du; ikastolako buraso batek, euskararen erabilera publikoaren defendatzeko, euskoa erabiltzen duelarik, denbora berean, hurbileko merkataritza  ere defendatzen du; hautetsi batek, hemengo enpleguaren defendatzeko, bere ordainsaria euskoz errezibitzea onartzen duelarik, denbora berean, laborantza herrikoia eta berotegi efektuko gasen isurketen murriztea  ere defendatzen ditu; etab.