Formakuntza

Eusko-sareak, bere tresnen eta esperientzien partekatzeko, Tokiko moneten institutua sortu du.

Alabaina, Europako tokiko moneta nagusia eta milioi bat euroko muga sinbolikoa gainditu duen lehena izanez, Euskoa, urte guttiren buruan, bere lurraldearen eta trantsizio ekologikoaren alde ari den tokiko moneta baten garapen arrakastatsuaren eredu gisa agertu da.

Ondorioz, beren lurraldean tokiko moneta bat garatu nahi duten elkarteek eta elkargoek Euskal Monetako taldeari erregularki galdegiten diote bere esperientzia eta bere tresnak parteka ditzan: Frantzia osoko elkarteak, Pariseko Hiria, Lilleko Europar Metropolia, Grenobleko Hiria…


Eskaera horri erantzuteko, bai eta Euskoaren eragina hobeki aztertzeko ere, Euskal Monetak Tokiko moneten institutua sortu du, Euskal Herriko elkarteen arteko Bihar izeneko egiturarekin partaidetzan, zeina trantsizio ekologiko, ekonomiko eta sozialaren alde ari baita. Datadock zerbitzuak Bihar onetsi du eta, beraz, lanbide heziketarako funtsek Tokiko moneten institutuak eman formakuntzak ordaintzen ahal dituzte.

Tokiko moneten institutuaren formakuntza jarduera 2018ko abenduan hasi da, Frantzia guziko 9 tokiko monetatik jin 25 pertsonari eskaini hiru eguneko lehen formakuntza bat burutuz.