Euskal Moneta elkartearen estatutuak – Euskal Herriko tokiko Moneta

1 Artikulua – Osaketa eta izendapena
Estatutu honekin bat egiten duten kideek 1901eko uztailaren 1eko legean eta 1901eko abuztuaren 16ko dekretuan oinarrituriko elkartea sortu dute. «Euskal Moneta – Monnaie locale du Pays Basque» da elkartearen izenburua.

2 Artikulua – Elkartearen helburua
Elkarte horrek tokiko harreman sozialak, praktika ekologikoak eta solidarioak, euskararen erabilpena eta ekonomiaren birtokiratzea indartu nahi ditu tokiko moneta osagarri bat kudeatuz eta bere erabilpena jendarteratuz Euskal Herrian.

3 Artikulua – Elkartearen misioak
Euskal Moneta – Euskal Herriko tokiko moneta elkartearen misioak honakoak dira:

  • euroaren araberako balioa izango duen tokiko moneta osagarri bat administratu eta kudeatu. Moneta hori trukaketa moldeen jabetza berreskuratu nahi duten partaideen – kontsumitzaileak, enpresak, komertsantak, artisauak, laborariak, elkarteak etabar – artean ibiliko da.
  • espekulaziora eta kontsumora bultzatzen besterik ez duen ekonomiaren ordez tokikoaren, sozialaren eta humanoaren zerbitzuko jarria den ekonomia bat bultzatu, naturaren errespetuan.
  • euskararen erabilpen publikoa bultzatu bizi publikoan eta berezikiago tokiko ekonomiaren esferan.
  • Euskal Herriko elkarte bizia indartu tokiko elkarteentzat iraunkorra eta erregularra den finantzia iturri bat egituratuz.
  • ekonomia eta finantzia arloetan heziketa popularra obratu, beraien zirkuituetaz, mekanismoetaz eta mekaniken osagaietaz lehen irakaspenak emanez; ekonomia iraunkorraren, solidarioaren eta sozialaren desafioetaz kontsumitzaileak eta enpresak sentsibilizatuz.
  • monetaren funtzionamenduaz eta zirkulazioaz, aberastasunen sorreraz eta zirkuitu ekonomikoetaz, eta ekonomia iraunkorraz eta bere birtokiratzeaz ikastaroak eta ikastaldiak antolatu.
  • ekonomia iraunkor, solidario eta sozialaren arloetan aholku, animazio eta laguntza egitura bat izan enpresa buruentzat eta beraien langileentzat eta baita elkarte arduradunentzat ere.
  • Herriko ekonomia iraunkorra, soziala eta solidarioaren eremu guztietan laguntza, aholku eta ikerketa egitura bat izan, beretzat edo beste norbaitentzat (herri elkargoak eta beraien egiturak, elkarteak, enpresak…).
  • birtokiratzea eta ekonomiaren berriz norabidetzea, ekonomia eta elkarte bizian euskararen sustatzea, eta praktika iraunkorragoak eta orekatuagoak bultzatzea xede duten eragileen artean sortzen diren partaidetzak eta proiektu sorrerak lagundu.
  • mugaz gaineko lankidetza garatu ekonomia, elkarte eta hiritar arloetan
  • orokorkiago, elkartearen helburuei zuzenean edo ez lotuak diren misio guztiak, edo bere garapena edo zabaltzea erraztu dezaketenak, hala nola dokumentu edo ikus-entzuneko euskarrien argitalpenak, Euskal Herriko ekonomiaren birtokiratzea eta berriz norabidetzea bultzatzeko ekitaldien antolaketa, beretzat edo beste norbaitentzat (herri elkargoak, sindikatuak eta turismo bulegoak, elkarteak, ekoizle taldeak, enpresak…).

4 Artikulua – Egoitza soziala
Egoitza soziala Baionan finkatua da. Gidaritza Batzordeak erabakia hartuz gero tokiz aldatzen ahalko da.

5 Artikulua – Elkartearen iraupena eta sozial aldia
Elkartearen iraupena mugagabea da. Sozial aldia urtarrilaren 1n hasi eta abenduaren 31ean bukatzen da.

6 Artikulua – Kideak
Bazkidetza duten kideek osatzen dute elkartea:

  1. Kide aktiboak: kide aktiboak izan daitezke aktiboak diren egituretan parte hartzen duten pertsonak. Zerrenda barne araudiak finkatzen du. Kide aktiboa bezala ikusia da kide den egiturak azken biltzar nagusitik edo elkartearen sorreratik antolaturiko bilkuren erdia baino gehiagotan parte hartu duen pertsona.
  2. Erabiltzaileak: elkartearen kideak diren pertsonak dira.
  3. Zerbitzu emaileak: Euskokartarekin bat egiten, beraien ekoizpenen edo zerbitzuen truke eusko ordainketak onartzen dituzten enpresak, komertzioak, artisauak, ekoizleak, langile independenteak, elkarteak dira. Eta eusko desafioak gauzatzea engaiatzen dira. Euskal Moneta elkarteko onespen Batzordeari ematen dioten onespen eskaera bat betetzen dute. Azken horrek aztertzen du eta behar balitz baieztatzen du. Onespen Batzordeak hiru hilabete ditu bere erantzuna emateko.
  4. %3a jasotzen duten elkarteak: Gutxienik 30 Euskoaren 30 kidek %3aren emisioaren hartzedun bezala izendatu behar dituzte.

Eta bazkide ez diren kidetaz:

  1. Balore Sortzaileen kideak: 2013ko urtarrilaren 26ko biltzar nagusiak finkatu du zerrenda. Gidaritza Batzordeak edo Kolegioen Batzordeak proposaturik eta urteko biltzar nagusiaren 2/3ak eta Kolegioen Batzordearen gehiengo sinpleak bozkaturik kide berriak gehitu daitezke.
  2. Kide elkartuak: Kolegioen Batzordeak du finkatzen zerrenda.

7 Artikulua – Kanporatzea
Elkarte bazkidetza galtzen dut:

  1. Dimitituz gero;
  2. Zenduz gero;
  3. 3. Urtesaria ez ordaindu izanagatik, elkartearen filosofiarekin eta kartarekin bat egiten ez duten praktikak izanagatik edo arrazoi larri batengatik Gidaritza Batzordearen kanporatzea erabaki duelako. Azken bi kasuetan pertsona gomitatua izanen da azalpenak emateko. Kanporatua izan den bazkideak errekurtso bat pausatu dezake kolegioen Batzordean.

8 Artikulua – Baliabideak
Elkartearen baliabideak legez onartuak diren baliabide guztietatik etortzen dira.

9 Artikulua – Osaketa
Biltzar Nagusi batek, Kolegioen Batzorde batek, Onespen Batzorde batek, gidaritza Batzorde batek eta bulego batek osatzen dute Euskal Moneta elkartea.

10 Artikulua – Biltzar Nagusia

10-1 Gutxienik urtean behin elkarteko kideak biltzen ditu, Gidaritza Batzordeak edo Kolegioen Batzordeak deiturik. Bata bestearen ondotik egiten diren bi zatitan iragaten da:

Lehen zatian, Biltzar Nagusiak elkartearen kontuak eta Gidaritza Batzordearen kudeaketa onartzen ditu. Elkartearen politika orokorraz eztabaidatzen du.

Kolegioen Batzordea osatzen duten kolegio ezberdinak izendatzen ditu, honako bozka moldea edo izendatzearen bidez:

10-2 Kide aktiboen kolegioa: 9 kide. Elkartean aktibo diren egitura aktibo guztiek adostutako proposamen baten ondotik onartuak dira. Hala gertatzen ez bada, kide aktibo diren guztiak elkartzen dituen biltzarra antolatua da eta bere ordezkariak proportzionala integralaren arabera hautatzen ditu, zerrenda oso edo zati batekin.

10-3 Erabiltzaileen Batzordea: 9 kide. Erabiltzaile guztiek hautatzen dituzte. Urteko biltzar nagusian proportzionala integralaren arabera bozkatuak dira zerrenda oso edo zati batekin.

10-4 Zerbitzu emaileen Kolegioa: 9 kide. Zerbitzu emaile guztiek hautatzen dituzte. Urteko biltzar nagusian proportzionala integralaren arabera bozkatuak dira zerrenda oso edo zati batekin.

10-5 %3a jasotzen duten elkarteen kolegioa: 3 kide. Elkarte guztiek hautatzen dituzte. Urteko biltzar nagusian proportzionala integralaren arabera bozkatuak dira zerrenda oso edo zati batekin. Elkarte bakoitzak tituludun bat eta ordezkari bat izendatzen dituzte.

10-6 Balore Sortzaileen Kolegioa: 9 kide. Eserleku horiek Euskal Herriko tokiko monetaren proiektu definizio prozesuan segipen Batzordean parte hartu duten elkarteen artean banatuak dira. Elkarte bakoitzak tituludun bat eta ordezkari bat izendatzen du. Tokiko garapenean edo zirkuitu laburren aldeko elkarteak (2 toki), sozialean eta elkartasunean diharduten elkarteak (toki 1), euskarazko erakaskuntzan diharduten elkarteak (3 toki), inguramenaren babesaren arloan edo laborantza herrikoia eta iraunkorra bultzatzen dutenak (3 toki) dira elkarte horiek. Balore Sortzaileak Batzordeko kide guztiak bilduko dituen bozka arrunt baten bidez ordezkatuak izan daitezke. Guztiak ez badira ordezkatuak, bigarren batzar bat antolatua da hortik 15 egunetara, eta kide gehiengoaren parte hartzea nahikoa da orduko batzarraren onarpena lortzeko.

10-7 Lurralde Elkargo Kolegioa: 9 kide. Kideak diren lurralde elkargo, beren egiturak eta erakunde publiko guziek hautatzen dituzte, proportzionala integralaren arabera zerrenda oso edo zati batekin.

10-8 Elkartearen Langile Kolegioa: 5 kide. Langile guztiek hautatzen dituzte proportzionala integralaren arabera zerrenda oso edo zati batekin

10-9 Karguaren iraupena: Biltzar nagusiak urte batentzat izendatzen ditu Kolegioen Batzordearen kideak; Beren kargua urtero berriztagarria da.

10-10 Onespen Batzordea eta Gidaritza Batzordearen bozka: Biltzar Nagusiaren bigarren partean Kolegioen Batzordearen bilkura iragaten da.

Euskal Monetaren norabide estrategikoak eztabaidatu eta finkatzen ditu. Ondotik onespen eta gidaritza Batzordeak hautatzen ditu. Egitura horiek Kolegioen Batzordeko kide ez diren pertsonek osatu dezakete.
Onespen Batzordearen kide kopurua 9 eta 21 artean da eta bakoitia da. Kolegioen Batzordean ordezkatuak diren sektore ezberdinekin osatua izatea du helburu. Kolegio bakoitzak bere kide kopuruaren garrantziaren arabera izendatzen ditu kideak. Kide aktiboen Batzordeak bere beto eskubidea baliatu dezake hautagai batekiko, ondorioz beste pertsona bat aukeratu beharko da. Beto eskubide hori argudiatua eta arrazoinatua da (interes aurkakotasuna, pertsonaren egungo edo iraganeko jarrera, etabar). Kolegioen Batzordeak gehiengo sinple baten bidez aukeratzen ditu Onespen Batzordeko kide guztiak.
Gidaritza Batzordeko kide kopurua bakoitia izan behar du, 9 eta 21 lagunen artekoa. Kolegioen Batzordeak gehiengo sinple baten bidez hautatu behar ditu.

10-11 Gidaritza Batzordeak (GB) edo Onespen Batzordeak (OB) eskaera eginez gero Kolegioen Batzordea bi biltzar nagusien artean bilduak izaten ahalko da bi egituren artean desadostasun handi bat gertatzen balitz, edo ez ohiko gertakari baten ondorioz. Berak hartu erabakiak GB eta OBri apliaktuak zaizkio.

Bere kideen erenak eskaturik bildu daiteke ere. Elkartearen kontuak eta Gidaritza eta Onespen Batzordearen kudeaketak onartzen ditu.

Kolegioen Batzordeak ezin du arauen arabera eztabaidatu bere kideen erena edo bertan diren edo ordezkatuak diren kide erdiak ez badu batzarrean parte hartzen. Quoruma ez bada lortua, hortik 15 egunetara biltzea deitua den Kolegioen Batzordeak arauen arabera eztabaidatu dezake edozein izanikan ere bilkuran dauden edo ordezkatuak diren kide kopurua.

10-11 Ahalordeak: Biltzar nagusian eta Kolegioen Batordearen bikuretan, bazkideek bertan dagoen beste kide bati beraien bozka ahala ematen ahal diote. Ordezkatuak diren bozkak biltzar nagusia aitzin idatziz jakinaraziak dira. Bazkide bakoitzak gehienik bozka bakar bat ordezkatu dezake.

10-11 Gai zerrenda eta biltzar nagusiaren ongi iragatea:

Biltzar Nagusia Gidaritza Batzordeak finkaturiko egunean eta tokian iragaten da urtean behin.

Gutxienik Biltzar Nagusia iragan eta hilabete bat lehenago, urtesaria ordaindua duten bazkide guztiak mezu elektroniko (beraiei dagokie ona den helbide elektroniko bat ematea) baten bidez biltzarra iraganen den toki eta egunaz informatuak dira. Eguna eta data emateaz gain gai zerrenda eta behar balitz, estatutuen aldaketa proposamen bat ere jakin beharko dituzte mezu horretan. Biltzar Nagusia elkartearen webgunearen edo blog-aren harrera orrian iragarria da, eta baita tokiko prentsa guztiari bidalia zaien prentsa agiri baten bidez.

Biltzarra iragan baino bi aste lehenago, Gidaritza Batzordeak behin betiko gai zerrenda bat finkatzen du eta bertan agertu behar dira kolegio ezberdinen proposamenak. Elkartearen weborrian iusi daiteke.

Biltzar Nagusiak soilik gai zerrendan finkatuak diren gaiak eztabaidatu ditzazke.

Gidaritza Batzordeak du biltzarra kudeatzen. Biltzar Nagusian diren bazkideen laur batek eskatuz gero, bozka bat antolatua izan daiteke Biltzarraren hasieran elkarte kide diren beste talde bati kudeaketa errola hori emateko.

11 Artikulua– Ez ohizko Biltzar Nagusia
Ez ohizko Biltar Nagusia ohiko Biltzar Nagusiaren baldintza berekin biltzen da elkartearen beharrak hala eskatzen dutelarik. Gidaritza Batzordea edo Kolegioen Batzordeak deiturik edo kide aktiboen gutxienik erdia eskatzen badute, edo Balore Sortzailee, kideen erdiak edo erabiltzaileen erenak eskatzen badute antolatzen da. Biltzar Nagusiaren botere berdinak ditu eta baita ibilmolde prozedura berdina.

12 Artikulua –Onespen Batzordea:
Urtean 11 aldiz bederen biltzen da Onespen Batzordea.
Zerbitzu emaileen kidetze txostenak aztertu ondoren onartzen ditu.
%3a jasotzen duten elkarteen babesak onartzen dituzte.
Gidaritza Batzordeak biltzar nagusiak eta elkartearen egitura ezberdinek hartu erabakiak eta norabideak ongi gauzatzen dituen baieztatzen du.
Euskoaren 40 funtzionamendu arauen behar bezalako aplikapena zaintzen du.
Zerbitzu emaileentzat gertatzen ahal diren Eusko kartaren aplikazio literarioa, eta elkarte zenbaitentzat 30 babesen arauarekin gertatzen ahal diren salbuespenak berresten ditu gehiengoaren 2/3 adostu orduko.

13 Artikulua –Gidaritza Batzordea

Gidaritza Batzordeak, bozka sekretu baten bidez, bere kideen artean bulegoa aukeratzen du honako osaketarekin:
1. Lehendakari bat eta behar balitz, lehendakari kide bat edo batzuk;
2. Idazkari bat, eta beharrezkoa bada, idazkari orde bat;
3. Diruzain bat, edo beharrez diruzain orde bat.
Bulegoa urtero berritua da.
Bulegoak elkartea ordezkatzen du justiziaren aitzinean eta bizi publikoaren ekitaldi guztietan, Gidaritza Batzordea aurka agertzen bada ezingo du egin.
Urtean 11 aldiz bederen biltzen da Gidaritza Batzordea.
Erabakiak, ahal den neurrian, gehiengoaren adostasunarekin hartzen dira, edo behintzat parte hartzen duten kide guztien bozarekin. Erabakiak balioa izateko kide aktiboen erdiak edo ordezkariak egon behar du bilkuran.
Gidaritza Batzordeak, beharrezkoa den ahal bezain bat aldiz biltzek bulego eragile bat izendatu dezake.
Gidaritza Batzordeak elkartea kudeatzen du eta biltzar nagusiaren erabakiak eta norabideak betetzen ditu. Euskoaren 40 funtzionamendu araudien gauzapena zaintzen du.
Ahal du:
• Kontratatzeetan parte hartu eta baieztatu
• aurreikusitako aurrekontu bat egin
• eraikitzekoak diren partaidetzak proposatu
• ekimen juridiko eta administratibo guztietan elkartea ordezkatu
Elkartea justizian ordezkatzen ahal du Gidaritza Batzordeak, eskatzaile, defendatzaile edo parte zibil gisa. Bere botereak erabiltzen ditu elkartearen onetan -materialki eta moralki- eta bere objektu soziala aplikarazteko eta errespetarazteko. Elkartearen ordezkari bat izendatzen ahal du Gidaritza batzordeak, bere izenean auzipetzen ahal duena.
Gidaritza Batzordeak barne araudia idazten du eta beharrezkoa den aldi oro onartzen du. Emendakinak Onespen Batzordeak onartu behar ditu. Orduz geroztik aplikatuak dira ondotik iragaten den biltzar nagusiak edo Kolegioen Batzordeak baliogabetzen ez dituen arte.

Kide sail bakoitzaren urtesariaren maila finkatzen du Gidaritza Batzordeak, Onespen Batzordeak onartu behar ditu proposamen horiek. Gidaritza Batzordeak finkatu duen egunetik goiti aplikatzen dira urtesari maila berriak, Biltzar nagusiak edo Kolegioen Batzordeak erabaki desberdin bat hartu arte.

Euskal Monetaren lehendakariak ordainsari bat hunkitzen ahal du legeak finkatzen duen neurrian.

14 Artikulua – Estatutuen aldaketa. Desegitea

Ez ohizko biltzar nagusi baten ondotik estatutuak aldatzen ahal dira. Horretarako bi erenen gehiengoa, eta gutxienik Kolegioen Batzordeko kideen erdiak bertan izan behar du.
Quorum hori lortzen ez bada, ez ohizko Biltzar Nagusia goizenik 15 egun beranduako biltzea deitua da. Bigarren bilkura horretan, Kolegioen Batzordeko kide kopurua bertan egon edo ordezkatuak edozein izanikan ere bozkatzen ahalko du.
Kolegioen Batzordearen bi erenak desegitea eskatzen badu, biltzar nagusiak likidatzaile bat edo gehiago izendatzen ditu, 1901eko uztailaren 1eko legearen 9.artikuluak eta abuztuaren 16ko dekretuak finkatua den bezala.

15 Artikulua – Diskriminazio-ezeren printzipioen errespetua

Kide berriei eta kide guziei kontzientzia askatasuna bermatua zaie, elkartean kargu elektibo bat ari direnei barne. Kide izatea eta kargu elektiborako heltzea inori ez zaio errefusatzen ahal ondoko motiboengatik: generoa, sexu-orientazioa, nazio edo etnia batekoa izatea, sineste politikoak, eskubide sindikatuen aritzea, urritasuna.
Instantzia buruzagirako heltzearen berdintasunarentzat trabarik ez zaie ematen gizon, emazte eta gazteei.

Estatutu hauek Uztaritzen 2013ko urtarrilaren 26eko biltzar nagusiak onartu ditu eta 2021eko ekainaren 10eko ezohizko biltzar nagusiak aldatu ditu, bideokonferentziaz antolatua izan dena, COVID 19ren osasun krisian sortu diren arauek ahalbidetzen zuten bezala.