Lehen mailako hautetsi batzuk, Euskal Moneta elkarteak proposatu « Berrikuntzari bai ! » deia izenpetu dute, eta Estadoari eskatzen diote Baionako Herriari Euskoa ordainketetan erabiltzeko duen nahia erreztea.
Baionako Herriko Etxean goiz huntan egin den prentsaurreko batean, Euskal Moneta elkarteak dei hori eta lehen izenpetzaileen zerrenda ezagutarazi ditu (hautetsi guziak ez direla oraindiak kontaktatuak izan, beste hautetsiak ondoko asteetan kontaktatuak izanen dira).
Lehen izenpetzaileetan diren hainbat hautetsi hor ziren goiz huntan eta haien sustengua adierazi dute:
Jean-René Etchegaray, Baionako auzapeza eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria: « Ipar Euskal Heriko auzapez guziak gomitzatzen ditut haien kontseiluari Euskoari kidetzea proposatzerat, Baionako kontseiluak aho batez bozkatu dituen baldintza berdinetan. »
Lucien Betbeder, Lekorneko auzapeza eta Biltzarraren lehendakariak, Ipar Euskal Herriko auzapez guziak gaur agertu deiaren izepentzerat deitu ditu, eta Biltzarrak gutun bat igorriko diela horren proposatzeko jakin arazi du.
Kotte Ecenarro, Hendaiako auzapezak (2016an Euskoari kidetu zen lehen herria) erran du Hendaiako Herriak Baiona segituko duela ordainketak euskotan egiteko duen nahian.
Akitania Berria Eskualdeak, Emilie Dutoyaren bidez, Euskoaren ondoan dagoela adierazi du, eta Eusko numerikoaren abiatzea sustengatu zuela oroitarazi.
Frédérique Espagnac senatari andereak, 2014ko uztailaren 31ko Ekonomia soziala eta solidarioaren legearen sortzean parte hartu zuenak, baieztatu du tokiko elkargoek tokiko moneten erabiltzea legearen izpirituan dela, eta Estadoak orai duen jarreraren kontraesana azpimarratu du.
Bukatzeko, Euskal Monetak jakin arazi du elkarteak Pirineo Atlantikoko Prefetari hitzordu bat proposatuko diola, Euskoaren aurkezteko eta prentsan egin dituen adierazpenek erakusten duten ez ultertzeen argitzeko.