ELKARGOAK

Euskoa, sortzetik, lurraldearen, trantsizio ekologikoaren eta euskararen zerbitzuko tresna gisa pentsatua izan da. Moneta horren erabiltzeak jendartearen partaide guziak helburu komun batzuen inguruan lotzen ditu. Helburu horiek bi puntutan laburbiltzen ahal genituzke: trantsizio ekologikoa eta euskararen erabilera publikoa sustatzea.

Euskoa erabiliz, Euskal Herriko bizilagunek, enpresek, saltegiek, elkarteek, laborariek, turismo bulegoek eta, bistan dena, lekuko elkargoek beren arteko trukaketak garatzen dituzte eta Euskal Herri ekologikoago, euskaldunago eta solidarioago baten eraikitzean parte hartzen dute.

Lekuko elkargo batek euskoa erabiltzen ahal du, alde batetik, bere lekuko zerbitzu publikoetako udal konpainietan kobratzeko (udal igerilekua, aisialdi zentroa, jantegia, aparkatzea, leku-eskubideak…) eta, beste alde batetik, bere zorren ordaintzeko –hautetsien ordainsariak, enpresen fakturak, elkarteei eman diru laguntzak…– xahutu diru publikoa lurraldean gehiago egon dadin.

Gaur egun, ondoko elkargoak Eusko-sareko kide dira: Euskal Hirigune Elkargoa —haren batzorde iraunkorrak 2018ko uztailean aho batez bozkaturik— eta 17 herri: Aintzila, Anhauze, Azkaine, Aiherra, Baiona, Bidarrai, Gabadi, Gamarte, Hazparne, Hendaia, Bastida, Lehuntze, Lekorne, Izura-Azme, Sara, Hiriburu eta Uztaritze.

Euskoa lurraldearen aldeko proiektu bat da, non jende biziki desberdina biltzen baita; izan ere, beren herriak Eusko sarean sartzeaz bozkatu duten 17 herrietako kontseiluetan, lau kontseilarik soilik dute kontra bozkatu.

Herri bat nola bilaka daiteke kide? Euskal Monetako taldea Euskoaren aurkezpen bat nahi duten hautetsien zerbitzuko da. Gero, Eusko-sareko kide bilakatzeko, lehenik, herriko kontseiluan, kidetzea bozkatu behar da eta, ondotik, urtesari bat eman behar da (hau ez da diru laguntza). Azkenik, Herriak eta Euskal Monetak hitzarmen bat izenpetzen dute, non behereko puntuak aipatzen baitira.

Euskal Moneta – Monnaie locale du Pays Basque irabazteko xederik gabeko elkarteak (Baionako suprefeturan erregistratua denak) du Euskoa kudeatzen. Elkartea molde demokratikoan gobernatua da. Euskal Herriko tokiko moneta osagarria da Euskoa, eta 2013ko urtarrilaz geroz erabiltzen da. eusko bat = euro bat. 3200 kide partikularrek eta 820 enpresa eta elkartek dute Euskoa erabiltzen. 2019ko otsailean, 1,16 milioi eusko erabiltzen ari ziren.

Euskoa tokiko moneta osagarria da, Kode monetario eta finantzarioak 2015az geroz bere L311-5 eta L311-6 artikuluetan definitu bezala. Lurralde jakin batean baizik ez du balio, eta hedatzen dituen elkarteak onartu hartzaile batzuen artean baizik ez: hots, enpresa, elkarte eta lekuko elkargo jakin batzuen artean. DGFIP erakundeak 2016ko urrian igorri ohar batek onartzen du euskoa udal konpainietan ordaintzeko erabil dadin.

Euskoa 2013az geroz erabiltzen da. 1, 2, 5, 10 eta 20 euskoko billeteak badira. 2017ko martxoaren 19az geroz, 2016ko urriaren 7ko Errepublika Numerikoari buruzko legeari jarraikiz, Euskal Moneta elkarteak eusko-kontu elektronikoaren sistema ere sortu du. Kideek euskoak sartzen ahal dituzte beren kontuan, euroak Euskal Monetari emanez. Gero, kideek euskoak trukatzen ahal dituzte beren artean, gasturik gabe. Euskokarta izeneko ordainketa-txartel bat ere eskuratzen dute. Horri esker, behar den Eusko ordainketa-tresna elektronikoaz hornituak diren saltegietan ordaintzen ahal dute; tresna elektroniko hori Euskal Monetak urririk prestatzen du. Horrela, saltzaileak euskotan ordainduak izaten ahal dira: euskoak bezeroaren eusko-kontutik saltzailearen eusko-kontura zuzenean joaten dira (eusko-kontuan ezin da zilorik izan).

Gaurko egunean, 1 300 kide partikular baino gehiagok eusko-kontu bat badute. Partikularrek kontu horietan hilabete oroz 53 000 eusko baino gehiago ezartzen dituzte; eusko horiek, gero, Eusko-sareko 820 saltzaile, ofiziale, elkarte eta laborari baino gehiagoren ordaintzeko erabiltzen dira, edo euskokartaz, edo eusko billetez.

Eusko-sarea Frantziako tokiko moneten bi sareetako (Réseau des Monnaies locales complémentaires citoyennes eta Mouvement SOL) kidea da. Eusko-sareak partaidetzak garatzen ditu unibertsitateetako munduarekin, tokiko moneten eragin ekonomiko, ekologiko eta sozialaren neurtzeko. Tokiko moneten institutua ere sortu du. Ikerketa eta formakuntza erakunde horrek tokiko moneten funtzionamendua ikertzeko eta hobetzeko, bai eta Euskoaren tresnak eta jakitateak beste lurraldeetako proiektu-eramaileei zabaltzeko xedea du.

Euskal Moneta elkartea molde demokratikoan gobernatua da, Kolegioen Batzorde batek zuzendurik. Batzorde horrek partaideen ordezkariak biltzen ditu (partikularrak, enpresak, elkarteak, etab.); elkartearen xedea atxikitzeari eta haren kudeaketa irabazi asmorik gabeko gelditzeari kasu ematen die. Euskal Monetako kide bilakatzen den Hiria edo Herria Euskal Monetako lekuko elkargoen kolegioan sartzen da; kolegio horrek 4 ordezkari ditu Kolegioen Batzordean.

Euskoa, Euskal Herrian baizik ez ibiliz eta bere sareko profesionalei desafioak proposatuz, ondokoak sustatzen ditu:

  • ekonomia berriz hona ekartzea
  • hurbileko merkataritzaren defendatzea
  • hurbileko enpleguaren eta lotura sozialaren sendotzea
  • ingurumenaren zaintzea
  • euskararen sustengatzea

Euskoa Euskal Herriko ekonomiaren sustatzen duen tresna da, hemengo erosahalmenaren parte bat bideratzen baitu hurbileko saltegi eta zerbitzuetara, hemengo ekoizleen eta elkarteen aldera. Alabaina, euskoa ez daiteke erabil onetsi saltegi, enpresa eta elkarte batzuetan baizik, eta horiek, onartuak izateko, beren egoitza soziala Euskal Herrian ukan behar dute.

Gainera, euskoak eskuratzen dituzten saltegi, enpresa eta elkarte horiek, beren euskoak eurotan trukatu ahal izateko, % 5eko komisio bat ordaindu behar dute. Beraz, Eusko-sareko 700 profesionalen % 56k hemengo hornitzaile bat (gutienez) hartu dute, beren euskoak gasturik gabe erabili ahal izateko. Hots, Euskoak Euskal Herriko enpresen artean gutienez 380 harreman komertzial berriren sortzea ahalbidetu du.

Euskoa hezkuntza herrikoiaren aldeko tresna ere da, ekonomia ekologikoago eta solidarioago baten alde, bai eta hemengo elkarte-biziaren sustengatzeko tresna ere: kide bakoitzak, kidetzean, elkarte bat hautatzen du. Hautatu elkarteak, urte oroz, kide horrek euskotan trukatuko dituen euro kantitatearen % 3ko emaitza errezibituko du. 2018an, gisa hortan, 18 940 euroren heineko emaitzak (euskoz) banatu zaizkie 46 elkarteri.

Gainera, Euskoari esker, aldatu euro bakoitzak balio bikoitza du:

  1. Euskal Monetak kideari eman euskoa hemengo saltegi, enpresa eta elkarteetako sarean erabilia izanen da. Horrela, Euskal Herriko ekonomia eta enplegua sustatzen duen negozio zenbateko bat sortuko da.
  2. Euskal Monetak eusko horren truke eskuratu euroa erreserba funts batean ezartzen du; funts hau Nef, Crédit coopératif edo Caisse solidaire erakundeetako kontu batean dago, egiazko ekonomian inbestitua izateko.

Euskoa praktiken aldatzeko tresna ere da, ekonomia solidarioaren, garapen iraunkorraren eta euskararen sustapenaren alde. Izan ere, sareko saltegiek, enpresek eta elkarteek desafio sinple batzuen altxatzera engaiatu behar dute, beren erosketak gehiago hemen egiteko, ingurumenaren alde aritzeko, eta euskararen erabilera publikoaren sustatzeko, beren seinaletika euskarara itzuliz (Euskoak zerbitzu hori urririk proposatzen du, EEPrekin duen hitzarmen bati esker), edo beren bezeroei gutieneko euskarazko harrera eskainiz.

Lekuko elkargoei Euskal Monetan kidetzeko eskatu urtesaria horrela kalkulatzen da:

  • 0,10 € bizilagun bakoitzeko, 5000. bizilaguna arte
  • + 0,05 € bizilagun bakoitzeko, 5001. bizilagunetik goiti.

Urtesari horrek, beharrez, udal konpainiek euskoak eurotan trukatzeko prezio finko baten ukaiteko eskubidea ematen du; horrela, ez dute normalki aplikatzen den % 5eko komisioa ordaintzerik. Prezio finko horrek barne hartzen du urtesaria 10 aldiz balio duen eusko zenbatekoa eurotan berriz trukatzea.

Alabaina, udal konpainia batek euskoak errezibitzeko, euroak euskotan trukatu dituzten erabiltzaile batzuek eman behar dizkiete; jakina, erabiltzaile horiek trukatu dutenaren %3 elkarte bati eman zaio. Euskal Monetak emaitza hori euskoak eurotan trukatzean profesionalek ordaintzen duten % 5eko komisioari esker diruztatzen du. Beraz, Elkargoek errezibitzen dituzten euskoak eurotan gasturik gabe trukatzen balituzte, Euskal Monetak diru anitz galduko luke, laster.

Herriak bere hartzedun guziei proposatzen ahal die hartzeko duten parte bat edo guzia euskoz errezibitzea. Hola, diru laguntza baten karietara eman dirua, adibidez, herriko lurraldean edo hurbil egonen da, euskoak onartzen dituzten hurbileko saltegietan eta enpresetan baizik ez baitira erabiltzen ahal (eta ez erosketak interneten bidez edo saltegi handietan egiteko). Elkarteak bere euskoak eurotan trukatzen ahal ditu, baina % 5 galtzen du, eta beraz, gehienetan, ez du egiten.

Herriko edo elkargoko hautetsi batek bere ordainsariaren parte bat euskotan errezibitzea eskatzen duelarik, lurraldearen zerbitzuko den dinamika batean parte hartzen du.

Enpresa edo elkarte baten aldetik, faktura baten edo diru laguntza baten parte bat euskoz onartzea Herriko Etxeak bere diru publikoa lurraldean gehiago erabiltzeko duen gogoari erantzutea da.

Euskoz ordaintzeko moldeak plantan ezartzeko, Herriko Etxeek beren hartzedunei proposatzen diete Euskal Monetaren alderako kobrantza-mandatu sinple bat izenpetzea. Orduan, Diruzaintza Publikoak ez dio hartzekoa zuzenean hartzedunari ematen, Euskal Monetari baizik, eta Euskal Monetak zenbateko bera ezarriko du hartzedunaren eusko-kontuan. Gau egun Estatuak ontzat eman egin-moldea da, eta Baionako Hiriak gaurdanik erabiltzen du, 2018ko azaroaz geroz.

Ohar bat: Diruzaintza Publikoak Euskal Monetari eman euroak, aldiz, Euskal Monetak erreserban ematen ditu, bere berme-funtsean ezarriz.

Euskoak onartzen dituzten udal konpainiak Euskoaren aurkitegietan zerrendatuak dira, baina ez dute urtesari gehigarririk ordaintzen. Onespen-eskaera dosierra betetzen dute, beren buruaren presentatzeko eta beren aktibitatearen ezagutarazteko; dosier horrek ingurumenaren eta euskararen aldeko desafio sinple batzuk ere biltzen ditu.

Udal konpainietan paperezko euskoen bidez ordaintzea:

  1. Herriko zerbitzuek hemengo hitzarmena helarazten diote Diruzaintza Publikoari, horrek ontzat eman dezan.
  2. Udal konpainietan euskoak onartzeko baimena ukan eta, udal konpainiako langileek eusko bidezko ordainketak onartzen ahalko dituzte, Euskal Monetak eskaini formakuntza segitu ondotik.
  3. Hori baino lehen, Udal konpainiaren araubidea egokitzen da, euskozko sartzeen antolatzeko baldintzak (hemen idatziak) sartzeko, eta udal konpainiaren kutxa-hondoa 50 euroz emendatzeko.
  4. Kutxa-hondo gehigarri horri esker, udal konpainiak 50 eusko gehiago trukatzen dizkio Euskal Monetari, xehea itzultzeko aski eusko ukaiteko gisan.
  5. Euskotan ordaindua delarik, udal konpainiako langileak ez du xehea eurotan itzultzen. Adibidez 1,20€-ren ordaintzeko, erabiltzaileak ematen baldin baditu:
  • Eusko bat eta 20 euro-zentimo: ez da xehea itzultzerik.
  • 5 eusko eta 20 euro-zentimo: langileak 4 eusko itzultzen ditu.
  • Eusko bat eta euro bat: langileak 80 euro-zentimo itzultzen ditu.
  • 5 eusko eta euro bat: langileak 4 eusko eta 80 euro-zentimo itzultzen ditu.
  1. Udal konpainiaren kutxa irarlean euskoz pagatzeko manera berri bat programatzen da. Kontabilitatean, biramendutzat hartua izanen da.
  2. Egunaren bukaeran, hastapeneko 50 euskoko kutxa-hondoaz gain kutxan dauden euskoak udal konpainiaren kutxa nagusian ezartzen dira, Euskal Monetak eman gutun-azal batean. Gutun-azal horren gainean, egunean sartu diru kopurua idazten da. Gutun-azal hortan dauden billete-kupoiak geroko balio bat bezala hartuak dira: izan ere, Euskal Monetak gutun-azalean dauden euskoen balioko euro-biramendu bat eginen du. Udal konpainiaren kutxaren kontrol baten kasuan, eusko horiek euroak balira bezala kontatuko dira: Diruzaintza Publikoan oraindik sartuak izan ez diren sartze gisa, udal konpainiaren eguneroko kontabilitatean biramendu gisa erregistratuak.
  3. Hilabete hondarrean, kudeatzaileak udal konpainiaren eguneroko kontabilitatean erregistratu biramenduak kontsolidatzen ditu; euskoz egin ordainketa bakoitzaren kasuan:
  • Kutxa nagusiko Eusko gutun-azala zigilatzen du eta, haren gainean, barnean dagoen zenbateko osoa idazten du.
  • E-mail bidez, Euskal Monetari eskatzen dio eusko horiek trukatzea, zenbateko osoa adieraziz.
  • Euskal Monetak, 48 oreneko epean, eusko horiek trukatzen ditu, gasturik gabe, udal konpainiaren DFT kontuan biramendu bat eginez.
  • Euskal Monetak egin biramenduaren oharrean, Udal konpainiaren izena eta dagokion hilabetea idatziak dira.
  • Gutun-azala edo biramendua udal konpainiaren DFT kontuan sartu den momentutik, zigilatu gutun-azalean dauden euskoak ez dira gehiago udal konpainiarenak, Euskal Monetarenak baizik. Euskal Monetak hitzordu bat hartuko du horien berreskuratzeko.
  1. Gero, kudeatzaileak Euskal Monetaren biramendua bere sartzeetan idazten du, iragan hilabetean euskoz sartu ordainketa bakoitzarentzat udal konpainiaren kontuetan idatzi biramenduen kontsolidazio gisa (ikus 6. puntua).

Udal konpainietan eusko numerikoen bidez ordaintzea:

  1. Kudeatzaileak, udal konpainiaren izenean, eusko-kontu bat irekitzen du, kitorik;
  2. Udal konpainiaren leihatilak Eusko ordainketa-tresna elektronikoz hornituak dira —Euskal Monetak prestaturik—. Tresna elektroniko horien bidez, ordainketa segurua egiten ahal da, erabiltzaileak ordainketa oroz sartu behar duen 4 zifrako PIN kode bati esker. Ordainketak posible dira soilik erabiltzailea Euskal Monetako kide baldin bada eta haren kontuan aski diru baldin bada. Euskal Monetaren informazio sistemak hori egiaztatzen du ordainketa bakoitza baino lehen.
  3. Udal konpainiako langilea euskokartaren bidez ordaindua delarik, euskoak berehala joaten dira erabiltzailearen eusko-kontutik udal konpainiaren eusko-kontura.
  4. Udal konpainiaren kutxa irarlean euskokartaz pagatzeko manera berri bat programatzen da.
  5. Leihatilan egiten ez diren ordainketen kasuan, erabiltzaileek udal konpainiari ordaintzen ahal diote, beren eusko-kontutik, udal konpainiaren eusko-konturako biramendu sinple bat eginez.
  6. Hilabete hondarrean, kudeatzaileak udal konpainiaren eusko-kontutik Euskal Monetaren eusko-konturako biramendu bat egiten du. Orduan, Euskal Monetak isuri euskoak eurotan ordaintzen ditu, gasturik gabe, bi lan eguneko gehienezko epean, udal konpainiaren DFT kontuan biramendu bat eginez. Euskal Monetak egin biramenduaren oharrean, Udal konpainiaren izena eta dagokion hilabetea idatziak dira.

Orduan, kudeatzaileak udal konpainiaren eguneroko kontabilitatean erregistratu euskokart bidezko biramenduak kontsolidatzen ditu.